IRUDEK Bidasoa Irunek laugarren amaitu du Superkopa Iberiarra Portoren aurka galdu ondoren

IRUDEK Bidasoa Irunek Superkopa Iberiarra amaitu du brontzezko dominarako norgehiagokan FC Portoren aurka 32-25 galdu ostean, Vigoko IFEVI erakustazokan 1.200 ikusleren aurrean jokatutako partiduan. Nahiz eta lehen minutuetan bi taldeen arteko parekotasuna nagusitu eta erasoak oso azkarrak izan (8-7, 15. minutuan), Portugalgo taldeak lehen aldea irekitzea lortu zuen lehen zatiaren erdialdetik aurrera (13-9, 20. minutuan). Álex Mozasek zuzendutako mutilei erasoan jariotasuna mantentzea kostatu zitzaien azken txanpan, eta Portok egoera hori profitatuz 19-14ko abantailarekin ihes egin zuen aldagelalera joan aurretik.

Bigarren zatian irundarrak erreakzionatzen eta markagailuan gerturatzen saiatu ziren arren, Portok atezainaren gelditzei zein eraginkortasunari esker abantaila handitzen jarraitu zuen (26-18, 45. minutuan). Bidasoako jokalariek azken minutura arte borrokan jarraitu bazuten ere, neke fisikoari eta kanpokoen nagusitasunari ezin izan zioten aurre egin, azken 32-25ekoari bidea utziz. Bidasoaren aldetik Nieto izan zen saskiratzaile nagusia bost golekin.

Hurrengo erronka

Txapelketa hau igaro ondoren, Irungo taldeak ASOBAL Ligako estreinaldian jarri du arreta osoa; datorren larunbatean, 18:00etan, Viveros Herol BM. Nava hartuko du etxean, Artaleku kiroldegian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude