Irun prest dago asteburu osoan zehar Euskal Jiraren 44. edizioaz gozatzeko

Gaur, abuztuaren 2an eta asteburu honetan zehar 44. Euskal Jiraren ekintzak egingo dira. Izan ere, aurten ere jarduerak ostiralean, larunbatean eta igandean egingo dira. Aurten gainera hainbat berrikuntza dakartza programak, ekintza berriak antolatu baitira, Euskal Jira asteburu osoko festa bilakatzeko.

Abuztuko lehen asteburua hartzen du ospakizunak eta, ekimen nagusia den Euskal Jiraz gain, larunbatean, 18:00etan abiatuko dena, bestelako ekitaldiak ere badauzka, hala nola dantzaldiak, musika, haur-jolasak, erakusketak edo Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa, besteak beste.

Euskal Jira, Irunen sakon errotutako ospakizuna

Euskal Jirari buruzko lehen datuak 1928koak dira, baina oso litekeena da aurretik ere antolatzea. Gerra zibilaren ondorioz, egiteari utzi zioten, baita gerraostean ere, nahiz eta 1951n eta 1955ean antolatu, Jostallu elkartearen eskutik. Azken urteetan, Euskal Jira urteroko ekitaldia izan da, eta urtero-urtero antolatu da 1979tik aurrera, harik eta 2020 eta 2021eko edizioak bertan behera utzi behar izan ziren arte, COVID 19aren erruz.

Hirian guztiz errotuta dago, eta bere musika propioa dauka. Primitivo Azpiazuk konposatu zuen, eta Irun Hiria Musika Bandak jotzen du urtero. Erakusleiho bikaina da euskal kulturaren ezaugarri guztiak ikusteko: folklorea, kirola, gastronomia, dantza, musika eta gainerako xehetasunak. Behinolako bizibidea eta ohiturak irudikatzeko ahalegina egiten du talde bakoitzak bere gurdian. Aurten, 9 gurdi irtengo dira desfilean (hurrenkera honetan): Euskal Jira – Hendaia – Irungo Euskal Kirolak – Behobia – Meaka – Kemen – Santiago – Landetxa – Foro XXI.

44. Euskal Jiraren programa

  • Abuztuak 2, ostirala:
  • 17.45ean: Irungo Atsegiñako erraldoien desfilea, San Juan plazatik Urdanibia plazara.
  • 18.00etan: Urdanibia plazako txosnaren irekiera (edariak+taloak).
  • 18.30ean: Haur-jolasak eta gaztelu puzgarriak Urdanibia plazan.
  • 19.00etatik – 20.00etara: Kantu-jira San Juan plaza eta Urdanibia plaza inguruan.

Kantu Jira hau Irungo Txistulari taldeak mimo handiz antolatu du, beste hainbat musikari lagun izango dituela. Kantu Jira horretan kanta herrikoi ezagunak jo eta abestuko dira. Baina ekitaldia arrakastatsua izan dadin, abestuz gozatuko duen jendearen presentzia beharrezkoa da. Horregatik, gonbitea luzatu dute antolakuntza batzordetik Irun euskaldunagoa izan dadin lan egiten duten kultur elkarteei.

  • 20.30ean: Burrunba elektrotxarangaren kontzertua Urdanibia plazan.
  • Abuztuak 3, larunbata:

(Egun guztian zehar, XVI. «Irungo Euskal Jira» argazki-lehiaketa)

  • 09.00etan: Txalaparta San Juan plazan eta Urdanibia plazan.
  • 10.00etan: Urdanibia plazako txosnaren irekiera (txistorra, sardinak, taloak, edariak…).
  • 10.00etan: Eskulanen eta bertako produktuen erakusketa eta salmenta Urdanibia plazan.

50 erakusketari inguruk parte-hartuko dute betan, aurreko urtekoen kopurua bikoiztuz.

  • 10.00etan – 14.00etan: Gaztelu puzgarriak Urdanibia plazan.
  • 11.00etan: Hiriko auzoetako dantza- eta musika-taldeen emanaldia.
  • 11.00etan: Bertsolariak + Bertso-Triki-Poteoa Urdanibia plazan.
  • 11.30ean: Dantzak eta musika oholtza gainean.
  • 12.00etan: Kantuz kantu Urdanibia plazako tabernetan barrena, Kantuz Lagunak taldearen eskutik
  • 12.00etan: Gurdi parte-hartzaileen erakusketa Urdanibia plazan.
  • 12.45ean: Bertsolariak Urdanibia plazako oholtza gainean: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Igauri Lopetegi.
  • 13.15ean: Dantzak eta musika Urdanibia plazako oholtza gainean.
  • 14.00etan: Desfilean parte hartuko duten musikari eta dantzarientzako bazkaria Irungo La Salle, Irungo Atsegiña eta Irungo Euskal Kirolak elkarteetan.

Euskal Jirako batzordeak azaldu duenez, lehen ospatzen zen herri bazkaria berreskuratzeko ahalegin guztiak egin ditu. Aurten zenbait arrazoiengatik, (arrazoi ekonomikoengatik batez ere) ezinezkoa izan zaie. Hurrengo ediziorako herri bazkaria izatea helburu nagusia izango da. Horretarako, udalaren laguntza ekonomikoa ezinbestekoa izango da.

  • 17.00etan – 20.00etan: Urdanibia plazako txosnaren irekiera (txistorra, sardinak, taloak, edariak…).
  • 18.00etan: Euskal Jira. Ibilbidea: Mendelu, Hondarribia kalea, Colon ibilbidea, Jenaro Etxeandia, Foruen kalea, kale Nagusia, San Juan, San Martzial eta Urdanibia
  • 19.45ean: Agur jaunak eta Gernikako Arbola, Irun eta Hondarribiko txistulariekin eta Irun Hiria Musika Bandarekin
  • 20.30ean: «Dantza Jira Erromeria» Urdanibia plazan, Kemen Dantza Taldearen eskutik.
  • 22.00etan: Bide Batez taldearen dantzaldia Urdanibia plazan.
  • Abuztuak 4, igandea:
  • 11.30h: Pentatloi Txapelketa – Gipuzkoako Herri Kirolak

Euskal Jirako egitarauaren barruan pentatloia ere izango da igandean, hilak 4, 11:30ean (zehazteke dago ordu hau) Urdanibia plazan. Pentatloia parte hartzaile bakoitzak jarraian egin behar dituen bost probaz osatuta dago; proba bakoitza amaitu arte, ezin da jarraitu.

Garailea izango da ziklo osoa denborarik laburrenean egingo duena. Probak honako hauek dira:

Harri-jasotzea: 20 jasoaldi 100 kg-ko harri biribilari.

Giza-proba: 2 plaza 400 kg-ko harria arrastaka eramanez (plaza bakoitza 24 metro ingurukoa da).

Aizkora: 45 hazbeteko 2 enbor eta 54 hazbeteko enbor bat.

Txingak: 4 plaza 50 kg-ko txingekin

Korrika: 2 km.

XVI. “Irungo Euskal Jira” Argazki Lehiaketa

Irungo Euskal Jirak, Irungo Argazkigintza Elkartearen (IAE) laguntzarekin, XVI. Irungo Euskal Jiraren argazki lehiaketa antolatu du. Nahi duen edozein argazkizalek har dezake parte lehiaketan.

  • GAIA: 2024ko abuztuaren 3an ospatuko den Euskal Jirarekin zerikusia duen edozein ekitaldi.
  • MODALITATEA: Formatu digitaleko argazkiak.
  • FORMATUA: Argazki bakoitzeko alde luzeenak 2.000 pixel izango ditu eta gehienez 2 Mb edukiko du.
  • OBRA KOPURUA: Parte hartzaile bakoitzak gehienez 4 argazki aurkeztu ahal izango ditu.
  • NOLA AURKEZTU: Posta elektroniko bidez: ieuskaljira@gmail.com
  • IDENTIFIKAZIOA: Argazkiaren artxibo bakoitza era honetan identifikatuko da:

Izena_Abizena_argazkiak duen hurrenkeraren digitua (Adibidez: Ion_Perez_1) Posta elektronikoan adieraziko dira artxiboen izenak, egilearen datu pertsonalak, telefonoa eta posta elektronikoa.

  • AURKEZTEKO EPEA: 2024ko irailaren 27a arte, arratsaldeko 20.00etan.
  • EPAIMAHAIA: Argazkigintzan adituak diren pertsonek, eta Euskal Jira batzordeko ordezkari batek osatuko dute eta bere erabakia ezingo da apelatu.
  • SARI-BANAKETA: Euskal Kirolak elkartean. Bertan afaria ospatzen den bitartean izango da. Eguna eta ordua momentuan zehaztuko dira.
  • SARIAK:
  • LEHEN SARIA: 200€
  • BIGARREN SARIA: 100€
  • HIRUGARREN SARIA: 50€

ESKUBIDEAK: Saritutako lanak Antolakuntzaren jabetzan geratuko dira eta argitaratu ahal izango ditu irabazi asmorik gabe eta beti ere egilearen izena adieraziz.

OHARRAK: Parte-hartzaile bakoitzak sari bakar baten aukera izango du. Edozein zalantza edo ustekabe antolakuntzak erabakiko du, eta apelaezina izango da haren erabakia. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek guztiak onartzea dakar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude