Irun Zuzenean Festibalak rock eta indie musikaren zaletuak bilduko ditu hurrengo asteburuan Ficoban

Irun Zuzenean Festibala iristeko astebete falta den honetan, aurtengo edizioa aurkeztu dute Ficoban. Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak hiriko musika-eskaintzaren erreferentzia bilakatu den hitzorduaren xehetasun guztiak azaldu ditu, Get In kultur sustatzaileko arduradunekin batera.

Martxoan iragarri ziren kontzertuak, eta rockaren eta indiearen aldeko apustua berretsi besterik ez dute egiten, jaialdiaren nortasunaren ezaugarri gisa eta, gainera, talentu berrien alde eginda. Aurten, New Yorketik etorritako Nada Surf izango dugu gurean, bai eta Espainiako jaialdi handietan aritutako beste batzuk ere, hala nola Morgan, La La Love You edo Shinova.

Kulturako ordezkariaren hitzetan, «ohi bezala, Ficoban esango diogu agur udarari, eta musika izango da protagonista. Kontzertuak bi egunez, herrialdeko jaialdi handienetan izan diren punta-puntako taldeen eskutik. Orain, Irunera etorriko dira, eta aukera ederra dugu disfrutatzeko. Eta ez ditugu etxekoak ahaztu, haiek ere lekua izango baitute kartelean».

Hitzordua Ficoban izango da, irailaren 29an eta 30ean,  eta hauek izango dira kontzertuak eta ordutegiak:

Irailaren 29an, ostiralean

19:00 Slim Fit

20:00 Morgan

21:00 Grises

22:00 Nada Surf

23:30 Serial Killerz DJ

 

Irailaren 30ean, larunbatean

19:00 Siglas

20:00 La la love you

21:10 Veintiuno

22:10 Shinova

23:45 Innmir DJ

 

Berritasunak

Berritasunen artean, saioetan DJak ere arituko dira, kontzertuen ondoko momentuak girotzeko. Eskaintza gastronomikoa ere indartu dute, bi foodtruckekin; horietako batek aukera begano eta begetarianoak eskainiko ditu. Horrez gainera, ekitaldiaren babesle den Kickers oinetako enpresak postu bat instalatuko du, eta zozketak antolatuko ditu bertan. Ohi bezala, talde parte-hartzaileen produktuak saltzeko ohiko postua ere hor egongo da.

Bertaratzeko aukerei dagokienez, Ficoba erakustazokatik metro gutxira Euskotrenen geltoki bat dago. Azken irteera 22:35etan izango da ostiralean, eta 23:05etan eta 1:05etan larunbatean. Bestela, E-77 hiriarteko autobusa Irundik pasatzen da, eta gaueko zerbitzua ere eskaintzen du. Ficoban aparkalekua ere badago. Festibaleko sarrerak Ticketmaster  webgunean eros daitezke, baita Luis Marianoko turismo-bulegoan ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude