Urtarrilaren erdi aldera, Irungo Udalak Mintzapraktika egitasmoari bultzada berria ematea erabaki zuen Taupa Mugimenduaren eskutik, herrian euskara erabiltzeko guneak indartzeko beharra ikusita. Lehen urrats gisa, herriko euskaltegi eta eragileengana jo zuten informazioa zabaltzeko, eta jasotako erantzuna bikaina izan da.
Denbora gutxian 96 lagunek eman dute izena, eta horietatik zortzi bidelagun gisa aurkeztu dira, hau da, euskara maila ona izanik, besteei laguntzeko prest dauden euskaltzaleak. Datu hauei lehendik martxan zeuden taldeak gehituta, 110 lagunetik gora dira gaur egun Irunen euskaraz aritzeko prest daudenak, aurreko edizioan baino ia 90 gehiago.
Bidelagunak ezinbesteko
Gaur gaurkoz, 15 talde astero elkartzen hasiak dira eta datorren astean beste hiru martxan jartzea aurreikusten da. Hala ere, egitasmoaren hazkunde handi honek erronka berri bat ekarri du: izena eman duten guztiek taldea izan dezaten, ezinbestekoa da bidelagun gehiago lortzea. Horregatik, Udalak eta antolatzaileek dei zuzena egin diete irundarrei egitasmoan parte har dezaten. Euren denbora eta hizkuntza ezagutza partekatzeko prest dauden euskaltzaleak behar dira, ikasten ari direnei babesa emateko eta herrian euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko.
Lehen bilkura
Irungo Mintzalagunen arteko lehenengo bilkura jendetsua ospatu zen joan den asteazkenean, martxoaren 11n, Irun Factory gunean. Ekitaldi honetan Josu Iguiñiz Irungo Udaleko Euskara ordezkaria, Mintzapraktika egitasmoko dinamizatzaileak eta izena eman duten hainbat herritar elkartu ziren.
Topaketa honek ekimenaren aro berriari hasiera ofiziala eman zion, partaideei elkar ezagutzeko eta euren esperientziak nahiz nahiak partekatzeko aukera eskainiz. Iguiñizek nabarmendu zuenez, gaitasun ezberdineko mintzakide asko hurbildu ziren, baina guztiek euskara ikasteko eta praktikatzeko gogo bera erakutsi zuten “Egin dezagun klik euskarari!” leloaren pean.



