Irunek TAO eremu berriak izango ditu 2025etik aurrera: Artia, Larreaundi, Elizatxo eta Kostorbe-Gal

Irungo Udalak formula berriak ezarriko ditu TAOren kontratu berria hiriko eta bere auzoetako egungo beharretara egokitzeko. Borja Olazabal Hiri Garapen, Mugikortasun eta Garapen Jasangarriko ordezkariak 2025ean indarrean jarriko den TAO zerbitzuko kontratu berria aurkeztu du Irungo Udaletxeko Bilkura Aretoan.

Tokiko gobernu-batzarrak bihar onetsiko ditu ibilgailuak bide publikoan orduak kontrolatuta modu mugatu eta kontrolatuan aparkatzeko araudiaren zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratuaren (TAO) pleguak. Bi urteko iraunaldia izango du kontratuak, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

Kontratu honen iraupena etorkizunean hirian indarrean jarriko den Isuri Gutxiko Eremuarengatik motibaturik dago, eta honek aparkamenduan izango duen eraginean. Hala nola, hiriko zentroan ez dauden auzoen aparkamendu beharrei erantzuna eman nahi zaio, beren tipologia eta behar ezberdinengatik.

Ordezkariak adierazi duenez, «azken urteotan egin ditugun azterlanetan oinarritu dira kontratu honetan txertatu ditugun berritasunak eta aldaketak. Azkenean, Irungo Udalaren ezaugarria da irungo auzo-elkarteak entzuteko prozesu horiek, horrelaxe lortzen baititugu askotan aurkezten zaizkigun arazoentzako konponbideak».

Zerbitzu berriaren ezarpena

Kontratu honetan sartuko diren lau eremu berriak aktibatuko dira: Artia, Larreaundi, Elizatxo eta Kostorbe-Gal. Izan ere, 2022an eta 2023an egindako azterlanen arabera, aparkatzeko lekuen defizit handia eragin du TAO zerbitzua abian jartzeak lau eremu horietan.

Azterlan horietan ondorioztatu zen aparkatzeko lekuek okupazio handia zutela eguneko ordu askotan eta asteko egun guztietan, eta bertan bizi ez diren pertsona ugariren ibilgailu asko ere hauteman ziren (eremu mugakideetakoak eta Irungo beste eremu batzuetakoak). Gainera, aparkatutako ibilgailuak gutxi mugitzen zituztela ere ikusi zen. Hortaz, Udaletik Ficobako disuasio-aparkalekuaren erabileraren sustapena  azpimarratu nahi da.

Horregatik, TAO eremuak puntu hauetara zabaltzea proposatu da: 14. eremua – Artia | 15. eremua – Larreaundi | 16. eremua – Elizatxo | 17. eremua – Kostorbe-Gal. Horren xedea da egoiliarrek eremu horietan aparkatzea, baita beste edozein kausagatik bertan aparkatu behar dutenek ere. Guztira, bigarren fase hori martxan jarri eta gero, 1.196 plaza urdin, 6.473 plaza berde, 23 plaza gorri eta egoiliarrentzako 380 plaza zuri egongo dira; guztira, 8.072 plaza.

Egoiliarrentzako plazak 190etik 380ra pasatu dira, aurreko kontratuarekin alderatuta, nagusiki eremu hauetan: 4 – Pio XII.a | 5 – Santiago Beraun | 7 – Behobia | 8 – San Migel | 9 – Pinudi Antzaran.

Eremuen araberako arautzea

Guztira, lau plaza mota definitu dira araudian.Eremu urdina, ibilgailua gehienez ere 120 minutu (2 ordu) utz daiteke plaza hauetan; egonaldi labur horiek funtzionalki erabilera tertziariokoak diren sektoreetan aplikatuko dira. Eremu berdea, gehienez ere 270 minutuko egonaldiak baimenduko dira (4,5 ordu), lantoki inguruetako lanegunetako eskaerari erantzuteko.

Eremu gorria (txandakatze altuko eremua), eremu hauetan doan aparkatu daiteke, baina 15 minutuz gehienez ere, eta ezingo da doako beste txartel bat hartu 3 ordu igaro arte. Egoiliarrentzako eremua (zuria), eremuko egoiliarrek bakarrik aparka dezakete plaza hauetan.

Araupeko ordutegia

TAO eremuak IrunenAraututako eremuetako ordutegi orientagarriak hauek dira:

  • 1 – 2 – 3 – 4 – 5 – 6 – 8 – 9 – 12 eremuetan: Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara. Larunbatetan 09:00etatik 13:30era.
  • 13 – Belaskoenea | 14 – Artia | Zona 15 – Larreaundi | Zona 16 – Elizatxo | Zona 17 – Kostorbe-Gal eremuetan: Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00era. Larunbatetan: Kontrolik gabe.
  • 7 – 10 – 11 eremuetan: Astelehenetik igandera 09:30etik 19:30era (ordutegi jarraitua).

“Oso garrantzitsua da azpimarratzea zergatik TAOa txertatzen dugun zonalde berrietan ordu amaiera ezberdina den. Azkenean, bertakoei konponbideak ematen dizkien zerbitzu bat eskaini nahi da, hauek, adibidez, lanetik bueltan iristen direnean, horregatik amaitzen da 18:00tan eta ez 20:00etan. Kasuan kasuko TAO zerbitzu bat egituratzen saiatu gara, bertako merkataritza eta ostalaritza sustatzera bideratuta, eta zonalde bakoitzeko bertakoak lehenestea”, baloratu du Olazabalek.

Aparkalekuen kontrola

Kontratuaren xede diren eremuetan aparkatutako ibilgailu guztiak kontrolatuko dira (tiketik edo txartelik gabe utzitako ibilgailuak, ordaindutako denbora gainditzen dutenak, egoiliarrentzako eremuak, egoiliarren kontrola, etab.).

Horrez gain, enpresa esleipendunak araupeko eremuetan behar ez bezala aparkatutako ibilgailuen zaintza ere gauzatuko du (bigarren ilaran, zebrabideetan, espaloi gainean, zamalanen eremuan utzitako ibilgailuak, etab.)., Egoera horien berri eman beharko dio Udaltzaingoari.

Eremu urdin, berde eta zurietan visual car ibilgailuen bidezko kontrol-sistema automatizatuak aurreikusi dira.

Ordainketa

Egun instalatutako dauden ordaintzeko makinak mantenduko dira, pantailak eguneratu eta ordezkatu ondoren. Eremu berrietan, tiketa ordaintzeko makina berriak instalatuko dira, haien artean 75 metroko tartea utzita.

Gainera, enpresa lizitatzaileek mugikorrerako aplikazio bat ere eskaini beharko dute, aparkatzeko baimenak eskuratu eta dagokien tarifa ordaintzeko. IOS eta Android sistema eragileekin bateragarria izan beharko da, eta Play Storen eta App Storen eskuratu ahalko da, doan deskargatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude