Irungo Udalaren Hezkuntza zerbitzuak Kontzertu Pedagogikoen 28. edizioa antolatu du. Guztira, zortzi kontzertu programatu dira. Horietako batzuetan, bi emanaldi egingo dira, izan ere, 3.500 haur inguruk izango dute kontzertu hauen bidez musikaz gozatzeko aukera.
1998tik antolatzen da hiriko eskola-ikasleei musika parte-hartzearen bidez eta modu pedagogikoan hurbiltzen dien programa hau. Kontzertu pedagogikoak Lehen Hezkuntzako 2. mailatik DBHko 3. maila bitarteko ikasleei zuzenduta daude. Horrela, ikasturte bakoitzean formatu eta estilo jakin bateko kontzertu batera joateko aukera dute ikasleek, eta eskolako ibilbidean zortzi saiotan musikaz gozatzen dute.
Kontzertuetan, musika-emanaldiaz gain, azalpenak, erakustaldiak, parte-hartzea, jolasak eta antzerkia ere eskaintzen dira, ikaskuntza aktiboa sustatze aldera. Gainera, Irungoak dira erakunde parte-hartzaile guztiak, musikari profesionalek eta hiriko ikasleek osatutako taldeekin.
Kontzertuen 28. edizioa aurkezteko prentsaurrekoan egon da Sandra Caballero Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkaria, erakunde parte-hartzaileen ordezkariek lagunduta: Esther Barandiaran (Musika Egingo Dugu), Ángel Pazos (Luis Mariano Lirika Elkartea eta Ametsa Abesbatza), Javier Pérez (Kontserbatorioa), Irene Elizetxea (Skola Musik) eta Garikoitz González (Txistulari Banda eta Perkusioa).
Aurkezpenean, Sandra Caballero ordezkariak bere esperientzia azpimarratu du: “Oroitzapenak ekartzen dizkigun proiektua da, eta irundar gazte askok gozatu ahal izan dugu, ekimena 1998an sortu baitzen”. Gainera, Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariak nabarmendu du programa honek “zuzeneko musika hurbiltzen duela eta parte-hartzea sustatzen duela, emanaldi bakoitzean ikasleak protagonista izan daitezen”. Zentzu horretan, Caballero-ren arabera, “gure artisten, akademien eta tokiko eragileen eskutik musikarekiko interesa sortzen da”.
2026ko programazioa
‘Musika egingo dugu’ izango da lehen kontzertua, urtarrilaren 29an Amaia KZn. 9:30ean eta 11:00etan LHko 2. mailako ikasleentzako emanaldiak egingo dira. Hurrengo kontzertuak berriz, apirilean egingo dira. Apirilaren 15ean LHko 5. mailako ikasleek Perkusio saioaz gozatuko dute 9:30ean eta 11:00etan. Apirilaren 22an berriz, Ametsa Txiki Abesbatzako kantariak kantuan ariko dira 9:30ean eta 11:00etan LHko 4. mailako ikasleen aurrean. Hilabetea agurtzeko, apirilaren 23an Skola Musikoak DBHko 2. mailako ikasleentzat zuzenean arituko dira 11:00etatik aurrera.
2026ko kontzertuen programazioa maiatzean berreskuratuko da, zehazki, maiatzaren 7an Luis Mariano Lirika Elkarteak DBHko 1. mailako ikasleei eskainiko dien «Sevillako bizargina» operarekin. Maiatzaren 20ean Udal Kontserbatorioko ikasleen txanda izango da 11:00etan DBHko 3. mailako ikasleak gozarazteko. Hurrengo egunean, maiatzaren 21ean, Irungo Txistulari Taldeak erreleboa hartuko dio eta LHko 3. mailako ikasleak izango dira ikusleak 9:30ean eta 11:00etan. Azken emanaldi bat izango da ere, azaroaren 5ean, Luis Mariano Lirika Elkartearen ezkutik, «Figaroren ezteiak» opera eskainiko baitute LHko 6. mailakoentzako ikasleentzat 10:30ean.
Musika estilo anitzak
Kontzertu pedagogikoek, oro har, ia musika-estilo guztiak lantzen dituzte: musika kultua eta popa, folka eta rocka, baita jazza ere, eta askotariko taldeak izaten dira: taldeak, abesbatzak, hirukoteak, elkarte sinfonikoak, etab. Programak musikari profesionalen esperientzia eta hiriko ikasleen parte-hartzea uztartzen ditu, eta ikasleei aukera ematen die musika zuzenean entzuteko, musika-tresnak eta estiloak ezagutzeko eta beren kideen aurrean musika interpretatzeko.
Programa antzinako musika jotzen duen Albada elkarteari esker jaio zen, eta nabarmen hazi da hiriko ikastetxeen eta eragile kulturalen inplikazioari esker. Egun, erabat errotuta dago Irunen, hezkuntza eta kulturako baliabide berezi gisa.



