“Bertako merkataritza, on moduan” lelopean Irungo Udaleko Hiri Bultzadako Arloak hiriko merkataritzaren balioa areagotzeko ekintzak bultzatu ditu. Zehazki, 50 bat saltokik parte hartu dute digitalizazio prozesu honetan.
Lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkari Nuria Alzagak adierazi duenez, “Udalak hiriko saltokien jarduna bultzatzeko neurriak hartzen jarraitzen du, behar berriei erantzuteko bidean aurrera egin dezaten eta azkenerako digitalizaziora eta jasangarritasunera egokitu daitezen”.
Zehazki, saltokiek efizientzia energetikoaren, digitalizazioaren eta saltokien kudeaketaren gaineko hainbat jardueratan eta prestakuntza saiotan parte hartu dute. Horrela, orain, Irungo saltokien online salmenta plataformaz beraz gain, saltoki bakoitzak bere establezimendu eta produktuen bideoak igotzeko atal berri bat dator irun.market webgunean: OTT.
Hurrengo urratsak
Datorren asteetan, berriz, Irungo saltokientzako intranet bat sortuko da plataforman, hainbat tresna hartuko dituena barnean: garapen jasangarrirako helburuen eta merkataritzaren arteko harremanaren inguruko gidaliburu bat, nork bere saltokia kudeatzeko autodiagnostiko tresna bat, saltokiak kudeatzeko tresnen biltegi bat…
Bestalde, laster, hiru kontsigna instalatuko dira, hoztuak zein produktu lehorrentzat balio dutenak, plataformaren bidez erosten diren produktuak jasotzeko modu gehiago eskaintzeko.
Azkenik, 2025eko lehenengo hiruhilekoan, Irun Commerce Lab zabalduko da, xede anitzeko laborategi bat, merkataritzaren esparruan enpresen ekintzailetza eta lehiakortasuna sustatzeko euskarri eta esperimentazio gune bat, gaur egun azken fasean baitaude lanak.



