Irungo Errepublikarrak elkarteak altxamendu militarra eta frankismoarekin lotutako gertakariak mapa baten bildu ditu

Irungo Elkarte Errepublikarrak altxamendu militarrean eta diktadura frankistan zehar Irunen gertatutakoa ezagutzeko azterketa lan nagusia burutu du. Gertakari historikoei zabalpena emateko helburuarekin Nicolás Guerendain elkarteak informazioa eta gertakarien kokalekua biltzen dituen mapa argitaratu berri du. Aiala Oronoz arduratu da ikerketa lana burutzeaz eta Marijo Noguésekin batera lanaren emaitzak eta helburuak azaldu ditu.

Zergatik ikusten zenuten elkartean horrelako eduki bat sortzeko beharra?
Aiala: Altxamendua eta Frankismoaren inguruko materialik ez dagoela ikusten dugulako. Dokumentu eta material gutxi dago, beraz, garrantzitsua iruditzen zitzaigun ere euskarazko materiala sortzea. Batez ere, egindako lana zabaltzeko asmoarekin sortu den zerbait da.

Marijo: Elkartea memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin sortu zen. Gure azken lanen artean aurkeztu berri dugun mapa hau aurkitzen da. Alde batetik gertaerak ezagutzea oso interesgarria da, orain arte ezezagunak ziren gauza berri asko ikas daitezkeelako.

Ikerketa lan sakona ezkutatzen da lan honen atzean?
Aiala: Azken urteetan zehar artxibo ezberdinetan gai honen inguruan eta Irunen gertatutakoaz topatu genezakeen informazioa bilatzen ibili gara. Bertan topatutako informazio gehiena mapa honetan bildu dugu ikuspegi orokorra eskaintzeko, beste zenbait gauza gure webgunera gehitu ditugun bitartean.

Nola erreakzionatzen du jendeak Irunen gertatutako guztia ezagutzean?
Marijo: Lehenengo erreakzioa sorpresa dela esango nuke. Orduan, gaiarekiko interesa pizten da eta jendeak hirian gertatutako guztia ezagutu nahi du. Gertatutakoaz kontziente izatea eta egia ezagutzea oso garrantzitsua da.

“Ezagutzen dugun hiria beste perspektiba batetik begiratzeko aukera eskaintzen digu”
Aiala Oronoz, Irungo Errepublikar elkarteko kidea

Non eskuratu daiteke mapa berezi hau?
Aiala: Interesdunek Irungo Turismo Bulegoan, Palmera Montero Gunean, Irungo kioskoetan eta bestelako leku publikoetan topatuko dute. Hortaz gain, elkartearen webgunean mapa birtual bat sortu dugu edonon paperezko mapako informazio guztia kontsultatzeko.

Gertakariek Irunen iragana beste modu batetik begiratzeko aukera eskaintzen digute?
Aiala: Hori zen gure ideia. Ezagutzen dugun hiria beste perspektiba batetik begiratzeko aukera eskaintzen digu, egunerokotasunean ikusten ditugun espazioak beste ikuspuntu batetik begiratzeko.

Zein eragin izan du historian zehar hirian Irun Frantziako mugatik gertu kokatuta egoteak?
Aiala: Zentzu askotan baldintzatu zuen, frenteen sorreratik hasita hiriaren okupazioa iritsi arte. Gainera, jende askok Frantziara ihes egin zuen eta estatura itzultzerako orduan, Irun pasabide garrantzitsua izan zen. Mugaren beste aldetik nazioarteko kazetari askok frontearekin lotuta berriak zabaldu zituzten, beraz, muga izaera oso esanguratsua izan zen garai horretan.

“Bertako historiaren ulermenerako ingurua ezagutzea eta gertakariek utzitako arrastoak ikustea lagungarria da”
Marijo Nogués, Irungo Elkarte Errepublikarreko kidea

Urte horietan zehar mota askotako errepresioak jasan zituzten irundarrek?
Aiala: Bi motako errepresioak bereizi daitezke, orokorra eta pertsonala. Udaleko zein trenbideetako langile askok depurazio laborala jasan zuten, erbestea errepresio orokorra izan zen eta euskararekiko jazarpena oso gogorra izan zen.

Adibidez, Stadium Galen inguruan sailkapen esparru bat egon zela aipatzen duzue mapan?
Aiala: Bai, Frantziatik estatura sartu nahi zuen jendeak autoritateen filtroa igaro behar zuen, beraz, egun batzuk ematen zituzten bertan, ondoren, kontzentrazio esparruetan, langile batailoietan edo haien herrietara itzuli aurretik.

Orain dela gutxira arte Irungo kaleen izendegian Frankismoaren arrastoak ageri ziren?
Aiala: Guk mapan kale izendegia hiriko historiarekin batera izandako bilakaera bildu nahi izan dugu, hau da, Errepublika garaitik 2004. urtean egindako azken izen-aldaketa biltzeko.

Hiriko ikastetxeetan Irungo historiaren inguruan behar bezain beste sakontzen da?
Marijo: Ni neu historia irakaslea naiz Irungo institutu batean. Euskal Herriko historia lantzeko atal berezi bat dugu, baina, Irungo historia ikasleei azaltzeari garrantzi berezia eman behar zaiola uste dut, bertan, gauza bereziak gertatu baitziren. Dena den, historiaren ikuspegi orokor bat izatea ere beharrezkoa da. Bertako historiaren ulermenerako ingurua ezagutzea eta gertakariek utzitako arrastoak ikustea lagungarria da.

Historia orainaldiko kontuak azaltzeko baliagarria izan daiteke. Adibidez, irundarrek Frantziara egindako ihesaldiarekin noizbait irundarrak ere errefuxiatu izan zirenez, egungo errefuxiatu krisiaren arrazoiak ulertzeko lagungarria izan daiteke?
Marijo: Oraindik ez dugu fenomeno hori nolakoa izan zen guztiz ezagutzen eta berriro errepikatzen ari da. Aberria atzean utzi eta beste leku ezezagun batera joateak zer suposatu dezakeen azaldu dezake. Horrelako pasarteen ezagutza egungo gertakarien ulermena eta orain gatazkaren beste aldean aurkitzen direnekiko enpatia lagunduk dezakeela uste dut.

 

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude