Irungo Harrera Sareak 3.000 pertsonatik gora artatu ditu 2019an

Irungo Harrera Sareak 3.000 pertsona artatu ditu 2019an. Gehienak gizonak (% 82), emakumeak (% 10) eta haurrak zein adin txikikoak (% 8), eta gehienak Ginea Conakrykoak, Boli Kostakoak edota Malikoak. Horrela, arropa, harrera eta informazioa eskaintzen duten lantaldeak eta gautxorienak beren ohiko lanarekin jarraitu dute 2019an. Hortaz gain, Frantziako poliziak beroan eginiko kanporaketen praktikarekin jarraitu du, izan ere, urtarrilaren 12an Irungo Harrera Sareak kanporaturiko 12 pertsona artatu baitzituen joan etorrian.

Migratzaileek lekukotza gogorrak ematen jarraitzen dute: bidaian zehar sufrituriko poliziaren gehiegikeriak, arrazakeria instituzionala, pertsonen trafikatzaileei ordaindu beharreko milaka euroak, bizitza arriskuan jartzera behartuak izatea bide seguru eta legalak ukatzen dizkietelako. Horren guztiaren emaitza da etengabeko arrisku-egoera, batez ere salerosketa-sareek bahitzeko arrisku handia duten 18 urtetik beherako eta emakumeentzat.

Irungo Harrera Saretik gogorarazi dute erakunde publikoek migratzaileei arreta eskaintzeko hirian bideratutako tokietara iristeko seinaleztapena hobetzeko betebeharra dutela. Izan ere, Irungo Harrera Sareak bere garaian modu prekarioan egindako seinaleztapena da momentuz hiriko kaleetan migratzaileek aurki dezaketen erreferentzia bakarra. Seinaleztapena hobetzea baliabide publiko bat zentzurik gabe xahutzea ekiditeko modua izan daitekeela gaineratu dute Irungo Harrera Sareko kideek.

Harrera herrirako deia
Irungo Harrera Sarea migratzaileen etorrera etengabeak eragindako beharrak erantzuteko lanean jarraitzen du. Zentzu horretan, urtarrilaren 22an Irungo Harrera Sareak gizonezkoentzako neguko arroparen jasotzeko beharra ohartaraziz deialdia zabaldu zuen. Harrera sareak zabaldutako mezuan adierazten denez, arropari dagokionez, hauek dira momentu honetan sareak dauzkan premia nagusiak: S/M neurriko txamarrak, 40 eta 43 zenbaki arteko neguko gizonezkoentzako oinetakoak, eskularruak, legging-ak, S neurriko mutilentzako galtzak eta motxilak.

Sarearen lana laguntzeko ekarpenen bat egin nahi duten hirritarrek arropa Kale Nagusiko 14. zenbakian kokatutako lokalean utzi dezakete. Arropa jasotzeko zerbitzua astearte eta ostegunetan zabalik egongo da 17:00etatik 19:00etara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude