Jaizubia Zaldiketa Eskola asteazken honetan aurkeztu ditu asteburu honetan bere instalazioetan egingo diren jardunaldiak. 2023ko Zaldi-jauzi I. ANAGAN Kopa maiatzaren 20an eta 21ean jokatuko da Irunen. Igandean Sari Nagusia izango da, non dena erabakiko den eta 6.000 euroko sariak banatuko diren eskudirutan. Maila bakoitzeko lehen sailkatuentzat opariak egongo dira. Finala Euskadiko Hipika Federazioak eta Irun, Heras (Kantabria), Zizur (Nafarroa) eta Mungiako (Bizkaia) klubek elkarlanean antolatzen dute.
Probak Irungo klubeko 30 zaldizko eta kanpoko 170 parte hartzaile baino gehiago izango ditu, Itziar Urtizberea Jaizubia Zaldiketa Eskolako presidenteak nabarmendu duen bezala. Horien artean Kevin González de Zárate (Espainiako Hipika Federazioaren 2023ko rankingean 2. Postuan dagoena), Rubén Gómez, Xabier Zabaleta edo Peio Elorduy zaldizko profesionalak egongo dira; baita Europako Txapelketarako prestatzen ari den Nazioen Kopan parte hartzeko hautatuak izan diren adingabeak ere, hala nola, Nora García, Uxue Arruza edo Erik Hernani.
Guztira 200 irteera baino gehiago izango dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetatik etorriko dira, baita Nafarroa, Errioxa eta Kantabriatik. Lehen mailako zaldizkoek eta amazonek ez ezik, promesek ere parte hartuko dute, eta probarik txikienetatik nabarmentzen hasiko dira.
Bestalde, Irungo taldeko zuzendari tekniko Xabier Berrotaranek “Kopa honek indar handia du nazioarte mailan eta partaide asko” izaten direla azpimarratu du. “Proba oso lehiakorrak izaten dira eta leku eroso batean gaude, naturaren erdian, eta horregatik jendea animatzen dugu Irunera etortzeko”.
Larunbateko hitzordua 9:30ean hasiko da eta igandekoa ordu erdi lehenago eta altuera desberdinetako jauziak izango dira, 0,50 metrotik 1,30 metrora. Parte hartzaileen etorrera errazteko, ibilgailuentzako aparkalekuak jarriko dira Txingudi Ikastolan, ikastolaren aurreko zelaian eta Urdanibia Jauregiaren inguruan.