Maite Gonzalez, Jaizubia Hipikako zuzendaritza batzordeko kidea: “Zaldira igotzen garenean denok berdinak gara”

1984an sortu zen Jaizubia Hipika Kluba. Ia 38 urte geroago oraindik lanean jarraitzen dute, helburu berari jarraituz: kirol hipikoa sustatzea eta ezagutaraztea. Maite Gonzalez da egun Jaizubia Hipika Klubeko zuzendaritza batzordeko kideetako bat eta egun Jaizubiako hipikak zein proiektu dauzkan azaldu digu.

Jaizubia hipikan zuen kirola sustatzeko helburuarekin lanean jarraitzen duzue?
Bai, horixe da. Sortzaileek hasitako bide berari jarraitzen ari gatzaizkio eta guretzat zaldiketa eskola da atal garrantzitsuena, gure balioak transmititzeko modua baita. Gure nahia da edonon hipika kirola ezagutzea, beraz, bide horretatik jarraitu nahi dugu.

Horretarako, zein ekimen antolatzen dituzue klubean?
Klubaren barnean gauza asko egiten ditugu. Adibidez, zaldiketa eskolako klaseak dauzkagu eta, bestetik, mendi irteerak egiten ditugu. Era berean, lehiaketak antolatzen ditugu, gure klubeko jendeak praktikatzeko aukera izan dezan eta, bestetik, kluba bera ezagutarazteko. Egia esanda, ahalegin handia eskatzen digu, horregatik diru laguntzak behar ditugu. Hala ere, klubean boluntario talde handia dugu eta haiek laguntzen digute proiektu guztiak aurrera atera daitezen.

Egun zenbat kide dauzka Jaizubia Hipikak?
Hipikako kideak 200 diren arren, guztira 300 federatu dauzkagu. Kirolean hasteko jende guztia lehenik federatu egin ohi da eta gero batzuek hipikako bazkide izatea erabakitzen dute.100 inguru izango da gutxi gorabehera egunero hipikara kirola praktikatzera hurbiltzen garenak.

Zertan ezberdintzen da zuen kirola besteetatik?
Oso kirol ezberdina da. Kirola egiteko animalia bat daukagulako gurekin, beraz, bikote bat gara, izaki bakarra bagina bezala. Hori da desberdintasun nagusia. Ondorioz, zaldiaren mantenuak kostu ekonomiko handiagoa dakar beste edozein kirolekin alderatua. Funtsezkoa iruditzen zaigu jende guztiak kirol hau ezagutzea eta praktikatzeko aukera edukitzea. Zaldira igotzen garenean denok berdinak gara eta hori oinarrizko balioa da, ez dugu desberdintasunik nahi.

Kirol fisikoa izateaz gain, buru lan handia eskatzen du?
Jende asko ez da konturatzen zaldian ibiltzea ere ariketa fisiko handia dela. Bestetik, oreka ondo kontrolatzea, koordinazio handia izatea, zaldira igotzeko adore nahikoa edukitzea eta zaldiarengan konfiantza handia izatea lortu behar da.

Nolakoa da horrelako klub baten batzordean lan egitea?
Arraroa da, batez ere oso jende gutxik ezagutzen duen kirola delako, bai maila arruntean zein maila instituzionalean. Kirola zertan datzan azaltzen duzunean jendea harritu egiten da eta gauza oinarrizkoenak ere ez dira ezagutzen. Aire zabalean eta animaliekin harreman etengabean egiten den kirola denez, esango nuke kirol bat baino gehiago bizimodu bat dela. Pixkanaka nabari dugu bai Irungo Udalarengandik zein Foru Aldundiarengandik gure kirola sustatzeko interes handiagoa dagoela.

Azkenaldian zuen kirolarekiko interesa handitu da?
Nabari da guk erakundeetara hurbiltzeko eta gure lana azaltzeko egin dugun lana. Era berean, egia da hipikara jende berria etortzen hasi dela. Pandemian jende asko inguru honetara hurbiltzen zen paseatzera eta jende berria ezagutzeko balio izan digu. Guretzako oso ona da jendeak hipikari buruz hitz egitea.

Pandemiak zuei zuzenean nola eragin dizue?
Pandemiak alde onak eta txarrak izan ditu. Batetik, pandemia hasi zenean oso gaizki pasatu genuen, oso zaila izan baitzen lana eta kluba aurrera ateratzea. Zaldiak, animaliak diren aldetik, ezin genituen guztiz ahaztu. Egunero eman behar zaie zaldiei jaten, baita pandemian ere. Langileek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak izan arren, hipikara ia egunero etorri behar ziren ukuiluak garbitu eta zaldiak zaintzeko, eskolak bertan behera egon ziren bitartean. Gainera, jende askok zaldiak hemendik atera eta beste zelaietara eraman nahi izan zituen. Bestetik, jendeak naturarekiko kontaktua behar zuenez, asko izan ziren hipikaraino hurbildu zirenak eta gure lana ezagutzeko aukera izan zutenak. Gaiak jendearengan interesa pizten zuela ikusi genuen, asko galderak egiten baitzizkiguten.

Zer behar duzue kirol hau ezagunagoa izan dadin?
Horretarako diru laguntzak jasotzea ezinbestekoa da. Ez dugu nahi Jaizubia eliteko zaldiketa eskola bat izatea, baina kluba egun dagoen moduan mantentzeko dirua behar da. Beraz, instituzioen inplikazio handia eskatzen du horrek eta dagoeneko elkarlanean ari gara. Laguntzarik jaso ezean, ezinezkoa da kirol hau mundu guztiari hurbiltzea eta edonork praktikatzeko aukera izatea.

Irungo Kirolaren sarietan Klub Onenaren saria irabazi zenuten. Horrelako aitortzak lagungarriak dira zuentzat?
Bai, egia esan, sorpresa handia izan zen guretzat, ez baikenuen espero. Asko eskertzen dugu egiten dugun lana errekonozimendua jasotzea, bide beretik jarraitzeko animoak ematen baitizkizu.

Zein erronka dituzue datozen urteetarako?
Proiektu asko dauzkagu eskuartean, baina dirurik gabe ezer gutxi egin dezakegu. Hitzarmen bat lortzeko prozesua hasi dugu, Irungo Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Oraintxe hori da gure helburu garrantzitsuena eta topera lan egin dugu hori lortzeko.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude