Irungo Sagardo eguna 27. edizioarekin itzuliko da maiatzaren 10ean

Iazko hutsunearen ostean, aurten Irungo Sagardo Eguna bueltan da. Taupadak GKEak, Betti Gotti euskara kultur elkarteak eta Antxeta Irratiak indarrak batu dituzte sagardoaren inguruko festa hau berreskuratzeko. Maiatzaren 10ean, datorren larunbatean, izango da hitzordua, Urdanibia plazan.

Antolatzaileek aurtengoa Irungo Sagardo Egunaren 27. edizioa izango dela azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, Jokin Melidak azaldu duenez, Irungo Sagardo Eguna Euskal Herriko zaharrenetarikoa da. “Aurten helburu garbia izan dugu, hau da, iazko hutsunea betetzea, ezin baitugu ondare hau galtzen utzi”, adierazi du Melidak. Iaz sargado egunik izan ez ostean, aurten hiru elkartek indarrak batu dituzte antolaketa lanetan.

Ohiko filosofia eta formatuarekin itzuliko da sagardozaleen hitzordua, nahiz eta hainbat berritasun ere izango dituen. Antolatzaileek aurreratu dutenez, “sagardo egun euskalduna, herrikoia eta parte-hartzailea izango da”.

Sagardo dastaketari dagokionez, arratsaldeko 18:00etan hasiko da txotx irekierarekin. 10 sagardotegietako sagardoa dastatu ahalko da Urdanibia plazan: Irungo Ola sagardotegia, Lesakako Linddurrenborda sagardotegia,  Oiartxungo Ordo Zelai Sagardotegia, Errenteriako Egiluze Sagardotegia, Astigarragako Alorrenea, Gurutzeta eta Petitregi sagardotegiak eta Hernaniko Altuna, Larregain eta Rufino sagardotegiak.

Guztira, 3.600 sagardo botila batuko dituzte maiatzaren 10ean Irunen, hau da, 2.710 litro.  Berritasun gisa, zuzenean txotxetik sagardoa dastatzeko aukera izango da kupel eramangarriei esker. Gainontzekoa, botila bidez egingo da. Antxeta Irratiko Asier Arbelaitzen hitzetan, “txotxa gaueko 20:45-21:00ak arte luzatuko da, behintzat sagardoa lehenago amaitzen ez bada”. Gainera, sagardoaz gain, bakailao tortila eta txorizo pintxoak eskainiko dira. Guztira, 3.000 pintxo egitea aurreikusten da.

Sagardoa zein pintxoak tiketak erabiliz erosi beharko dira beti bezala. 10 euroren truke, basoa, pintxoa eta 10 txotx txartel lortuko dira. “10 txotx horiekin sagardo guztiak probatzeko aukera egongo da” erantsi du Asier Arbelaitzek. Horretaz gain, pintxoen txartelak ere aparte erosteko aukera egongo da, 2 euroko prezioan.

Sagardoaz gain, giro aparta

Sagardo eta pintxoez gain, Sagardo egunak Urdanibia plaza girotuko du. Horretarako, bi trikitixa taldeek emanaldiak eskainiko dituzte arratsaldean zehar: Auntxa eta Irungo Musika Kontserbatorioko ikasleek. 20:30etatik aurrera Los Trankilos konpartsa arduratuko da festa girotzeaz. Horrela, Urdanibia plazatik abiatuta,  San Juan plaza inguruan ere ibiliko dira.

Festa giroan murgiltzeko, antolatzaileek jendeari etxetik beren zapiak ekartzea eskatu diete. “Aurten ez da bertan zapia eskuratzeko aukerarik izango”, azaldu du Joxeja Zabalok. “Bakoitzak bere zapia ekartzea eta jartzea eskatzen dugu”, azaldu du Betti Gottiko kideak.

Antolaketarako jasotako laguntza

Sagardo eguna aurrera atera ahal izateko kanpoko laguntza ere jaso dute elkarteek. Irungo Udalaren laguntzaz gain, hiriko elkarte gastronomikoen, KM0ko enpresan eta tabernen babesa eta inplikazioa ere izan dute. Taupadak GKEko Jokin Melidak azaldu duenez, “bertatik bertara egindako sagardo eguna izango da”.

Pintxoak egitekoa, elkarte gastronomikoen laguntza ezinbesteko izan da. Tartean, Kurpil kirolak, Jostallu, Irungo Motor Elkartea, Txingudi Errugbi Kluba, Irungo Euskal Kirolak, Nabartenea elkartea, Alde Zaharreko auzo elkartea, Aialdean elkartea, Elaitz, La Salleko ikasle ohiak eta Bidasoko Euskal Kultur taldea.

Euskaraldiari aipamena

Euskaraldiaren atarian, maiatzaren 15etik 25era euskararen erabilera sustatzeko egingo den ariketa sozial masiboari aipamena egin nahi izan diote. Horren harira, maiatzaren 10ean Euskaraldiaren gune ibiltaria Urdanibia plazan izango da.

Hurrengo edizioetara begira

Joxeja Zabalok azaldu duenez, aurten indar guztiak sagardo eguna berreskuratzeko jarri dituzte. “Asmoa ekintza kulturalago bat aurkeztea zen, baina aurten neurri honetan ibiliko gara eta hurrengo urterako bultzada politagoa eman nahiko genioke”, erantsi du Betti Gottiko ordezkariak. Beraz, hurrengo edizioetara begira, elkarte gehiago batzea eta jende gehiagok parte hartzea nahiko lukete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude