Maiatzaren 13an, hurrengo igandean, Urdanibia plazan XXVI. Sagardo Eguna ospatuko da. Arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara ospatuko da sagardoaren festa Irunen eta, urtero bezala, irabaziak Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izango dira. Irungo kontserbatorioko ikasleak arduratuko dira arratsaldea girotzeaz.
Taupadak GKEaz gain, Euskal Kirolak, EKT, Erlaiz, Cofradía del Salmón, Kurpil kirolak, Motor Elkartea, Jostailu, Rugby club, Nabartenea, La Salle San Marcial, Aialdean eta Alde Zaharra elkarteek ekitaldiaren antolaketa lagunduko dute. Gainera, ekitaldia Gipuzkoako Sagardotegi Elkartearen laguntzarekin antolatuko dute.
Aurtengo edizioak hainbat berritasun izango ditu: Sagardoa edateko edalontziak banatu ordez kopak banatuko dira eta ez da zapirik banatuko. Antolatzaileek azaldu dutenez, prezioen igoerak arriskuan jarri du Sagardo Egunaren ospakizuna eta erabaki hauen bitartez kostuak murrizten ahalegindu dira. Dena dela, jendea animatu nahi dute etxetik lauki urdin eta zuriak dauzkan zapia ekar ditzan edo aurreko edizioetan banatutakoak erabili ditzan jaia animatzeko.
Hamar eurotan salduko dira aurten Sagardo Eguneko txartelak, kopan 10 trago sagardoz eta pitxo batez gozatzeko aukera emango dutenak. Patatata tortilla, txistora eta txorizo pintxoak prestatuko dira eta aurten ez da bakailo pintxorik izango. Tiketak arratsaldeko 17:30etik aurrera salgai egongo dira Urdanibia plazan.