Irungo Udalak konponbideak nahi ditu hirian behin eta berriro eragina duten trafiko arazoak saihesteko

Irungo Udalak konponbide integralak eskatu ditu hirian behin eta berriro gertatzen diren trafiko arazoak saihesteko. Irun mugan kokatu dago eta alkateak adierazi duenez, kokapen horrek hiria baldintzatu egiten du  errepidez egiten diren joan-etorrien alorrean. Labordaren hitzetan, “ez da gauza berria hiriak etengabe jasaten dituen auto-ilaren kontua, eta bertako bizilagunentzat benetako nahasmendua da. Hain zuzen ere, astearte honetan bertan, gure auzoetako bik, Behobia eta Katea auzoek, zuzen-zuzenean jasan zituzten kilometrotako auto-ilarak, eta horrek galera ekonomiko handiak ekarri dizkie Irungo zenbait enpresari eta ezinegon handia irundarrei, askok jasan behar izan baitzituzten asteartean Gipuzkoako bideetako kilometrotako auto-ilarak. Garaia da egoera konpontzeko eta behin betiko irtenbideak bilatzeko”.

Horregatik, Irungo Udalak dagoeneko eskatu du parte hartzen duten erakundeekin bilera bat egitea, erakundeen arteko lankidetzarako mahai iraunkor bat martxan jartzea planteatzeko. Tresna horren bidez, protokolo batzuk ezarri ahal izango dira, neurri eraginkor bihurtzeko, hiria eta inguruak gerta daitezkeen egoerekin kolapsatu ez daitezen. “Garaia da Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Trafiko eta Segurtasun Sailak eta Irungo Udalak egoera konpon dezagun, hirirako irtenbide eta protokolo espezifikoak ezarriz, jada ez baita kontua soilik udako irteera- eta itzuleretan jardutea. Ikusten ari gara egoera horiek gero eta gehiagotan gertatzen direla”.

Arrakastatsua, Udaltzaingoaren jarduna

Egia da, baita ere, hiriguneko zirkulazioa normaltasun osoz gertatu zela mobilizazio-egunean Udaltzaingoak aurreikusitako jardunei esker: “eskertzekoa da gure Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lana eta lankidetza, zalantzarik gabe Irun barruko eraginak minimizatzea lortu baitzuten. Baina horiek partxeak dira. Ezin gara horrela ibili irteera-operazio, mobilizazio edo kontrolatu ezin ditugun gainerako egoera bakoitzarekin” adierazi zuen alkateak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude