Irungo Udalak, Segurtasuneko eta Hiritarren Bizikidetzako Arloaren bidez, Ekitaldi Handietarako Babes Plana aktibatuko du igande honetan, azaroak 8, Behobia-Donostia lasterketak hirian izango duen eraginari aurre egiteko. Eguneroko ohiko zerbitzuaz gain, Udaltzaingoko 26 agente errefortzu, bi ofizialorde eta Babes Zibileko langileak arituko dira trafikoa bideratzen eta parte-hartzaileen zein publikoaren segurtasuna bermatzen.
Segurtasun-dispositiboa
Operatibo osoa Udaltzaingoaren Komisarian kokatuko den Aginte Postu Aurreratutik koordinatuko da, Udaltzaingoko, Ertzaintzako eta larrialdi-zerbitzuetako ordezkarien parte-hartzearekin. Aurten, berrikuntza gisa, ‘Fresh Control’ tresna teknologikoa erabiliko dute: kalean dauden udal-agenteen gailuetatik grabatutako irudiak zuzenean proiektatuko dira kontrol-mahaian. Irudi horiek antolakuntzaren droneen eta ETBren emisioarekin osatuko dira, gertaeren denbora errealeko ikuspegi osoa izateko eta zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko.
Trafiko-etete nagusiak
Lasterketak eragin handia izango du hiriko zirkulazioan 06:30etik 14:00etara bitartean. GI-636 errepidea itxita egongo da Osinbiribileko biribilgunetik Behobiaraino, 06:30etik 14:00etara; tarte horretan, Nafarroarako noranzkoan doazen ibilgailuek Artiga, Blaia, Gazteluzahar eta Lastaola kaleetatik igaro beharko dute. Behobiako biribilgunetik AP-8 eta N-121-A lotzeko tartea ere moztuta egongo da 08:00etatik 11:30era.
Erdialdeari dagokionez, Colón eta Gipuzkoa hiribideak 07:30etik 08:00etara eta 09:00etatik 13:00etara egongo dira itxita. Era berean, Nafarroa, Gipuzkoa, Elizatxo, Molino eta Letxunborro hiribideak (suhiltzaile-etxetik Ospitaleraino) 09:00etatik 13:00etara moztuko dituzte, eta Geltokiko kalea 07:30etik 10:30era. Larrialdietarako, hiriaren iparraldea eta hegoaldea lotzeko bi pasabide prestatu dituzte: anbulantziek GI-636 eta AP-8 erabiliko dituzte, eta hegoaldetik iparraldera Nafarroa hiribidearen azpitik edo Gabiria industrialdetik bideratuko dira.
Aparkalekuak, taxiak eta parkingak Lasterketaren azpiegiturak jartzeko, Behobiako aparkalekuak asteazkenetik igandeko 14:00ak arte kendu dira, eta Beraketa karrikakoak ostiraletik aurrera. Gainera, Genaro Etxeandia, Geltokiko kalea (10:00ak arte) eta José Ramón Agirretxeko taxi-geltokiak kendu eta Beraketa kalean jarriko da geltoki alternatiboa. Erdialdeko parkingei dagokienez, Colón ibilbidekoan eta San Juan plazakoan sarrera-irteera zehatz batzuk moztuta egongo dira 09:00etatik 12:30era, eta Mendibilgoa soilik egongo da guztiz irekita.
Irunbusen berrantolaketa
Irunbus hiri-garraioak aldaketa esanguratsuak jasango ditu. Batetik, L1 Zaisa-Ospitalea linean 07:30etik 13:00etara zerbitzua guztiz bertan behera geratuko da. Gainerako orduetan (14:00ak arte), autobusa ezingo da Behobiara iritsi eta Osinbiribilen bukatuko du ibilbidea.
L2 San Juan-Katea-Txingudi linean 07:30etik 13:00etara zerbitzua bertan behera geratuko da. Suhiltzaile-etxetik 07:30ean aterako den lehen zerbitzua Olibondoen biribilguneraino baino ez da iritsiko.
L3 San Juan-Artia linean 09:00etatik 14:00etara, 30 minuturo, ibilbidea aldatuko da Nafarroa hiribidea saihesteko, eta Arbesko biribilgunea, Blaia, Hilerria, Harrobieta eta inguruetatik pasako da.
L4 San Juan-Antzaran-Olaberria linean 07:45etik 14:00etara, 30 minuturo, Arbes-Olaberria ibilbide berezia egingo du (Arbes, Urdanibia plaza, Larreaundi, Olaberria HHI, etab.).



