Irungo Udalaren adierazpen instituzionala LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna dela eta

Urtero, ekainaren 28an, 1969an Stonewallen jazo ziren erreboltak gogoratzen ditugu, mundu osoko LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko mugimenduaren aitzindariak izan baitziren, mugarri bat.

Historian, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek beren askatasun eta berdintasun eskakizunak agerrarazteko balio izan du Harrotasunaren Egunak; libre, beldurrik gabe, loturarik gabe eta mugarik gabe bizitzeko eta izateko eskakizunak.

Irungo Udalak eskerrak ematen dizkie sexu liberazioaren alde borrokatzeko bat egin duten pertsona eta talde guztiei, oraindik ere antolatzen eta gizartea sentsibilizatu, kontzientziatu eta eraldatzeko lan egiten jarraitzen baitute gainera.

Ekainaren 28 honetan, berriro ere, eskubideak eta bizikidetza aldarrikatu nahi ditugu, aniztasunetik, eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubide eta askatasunen aitortzan egindako aurrerapenak ospatu. Hala ere, oraindik asko falta da benetako berdintasuna lortzeko.

Zoritxarrez, oraindik ere eraso homofoboak gertatzen dira gure gizartean, eta sexu orientazio eta identitatea gorroto delituen bigarren zergati nagusia da Euskadin: kasuen % 20 horregatik gertatzen dira.

Testuinguru horretan, ekainaren 28a are garrantzitsuagoa da, eta Irungo Udalak gorroto diskurtsoak eta giza eskubideen urraketak ozen salatzera eta erantzutera animatu nahi ditu herritarrak.

Jakitun gara gizarteak sexu eta genero aniztasuna gero eta gehiago onartzea, neurri batean, euskal gizarte osoak erkidego justu eta berdinzaleagoa eraikitzeko egin duen lanaren emaitza dela.

Indarkeriaren aurrean, aurten, beste aurrerapauso handi bat dugu ospatzeko Euskadin: Pertsona transak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Legearen onarpena. Ekimen horri esker, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen osasun, hezkuntza eta lan arloko eskubide eta bermeak areagotu ditugu.

Besteak beste, lege berriari esker, sei hilabetean, transexualitateari arreta emateko zerbitzuak jarriko dira martxan, eta ikastetxeetan sexu identitateagatik ez diskriminatzeko protokoloak sortuko dira.

Irungo Udalak aniztasunarekiko, berdintasunarekiko eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen bermearekiko konpromisoa adierazi nahi du berriro ere, eta, horretarako, ortzadar bandera udaletxeko fatxadan jarriko du.

Irungo Udalak honako konpromiso hau hartzen du:

  • LGBTIQ+ kolektiboko pertsonentzat erreferentziazko guneak sortzea, sareen sorrera bultzatzeko eta informazioa emateko.
  • LGBTIQ+ kolektiboen errealitateak ezagutzera ematea, rol eta estereotipoak deuseztatzeko eta sexu askatasuna sustatzeko.
  • Sexu aniztasunaren eta generoaren inguruan sentsibilizatu eta trebatzeko programak sustatzea.

Azkenik, ekainaren 28a dela-eta antolatutako ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu, eta zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiegu LGBTIQ+ pertsonen bizitzak bizigarri egiteko lanean eta borrokan diharduten pertsona eta talde guztiei. Zuon mugimenduaz harro gaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude