Itzuliko lehen bi etapek arrasto positiboa utzi dute Irunen

Irungo Udalak Itzuliaren hasierak Irunen utzitako arrastoaren balorazio positiboa egin du. Udalaren esanetan, “hiriak bere aurpegirik onena erakutsi du, kaleak gainezka egin baitute eta jendeak dena eman baitu txirrindulariak animatzeko”. Hortaz, ekitaldi bikaina izan dela iritzi dute, irundarrentzat zein bisitarientzat. Horrela, ondorioztatu dute Irun lasterketaren ediziorik berezienetako bati hasiera emateko egoitzarik onena izan dela, 100 urte bete baitira probaren lehen ediziotik.

Irungo alkate Cristina Labordak pozik eta harro hitz egin du Itzuliaren arrakastaz: “Hunkigarria izan da egun hauetan hiria ezin gehiago gozatzen ikustea”. Gainera, alkateak azaldu duenez, horrelako ekitaldiak txirrindularitzarako zaletasunaz harago doazela ikusi dute, oso harrera ona baitute herritar guztien artean. Cristina Labordaren hitzetan, “Irunek neurria eman du”, antolatzaileek berek hala helarazi diete eta, gainera hori jende askoren lanari esker izan dela gogoratu du, horrexegatik eskerrak emanez. “Gure aurpegirik onena erakutsi dugu, eta munduko mapan ekitaldiak antolatzeko hiri gisa posizionatu gara berriro”, adierazi du Labordak. Bada, Irungo alkateak aurreratu du etorkizunean berdin segitzeko lanean ari direla aurreratu du.

Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek, berriz, eskerrak eman dizkie antolatzaileei ikuskizunagatik. Izan ere, kirol ordezkariak azaldu du hiria lasterketa aurrera eramateko prest aurkitu dutela, hau da, trazatua, oso ondo antolatuta, eta hiria, jantzi-jantzita. Olazabalek azaldu duenez, “ezinbestekoa izan da denok elkarlanean aritzea, ahalegin handia egin behar izan da, baina merezi izan du”. Kirol ordezkariak erantsi duenez, “txirrindularitzari esker, egun aparta bizi izan dugu hirian, eta hiria bero-bero egon da hiru orduz, etapa oso berezia izan baita”.

Lehen etapaz gain, bigarren etapa ere Irunen hasi da, eta, horri esker, tropela hirian barrena ikusi ahal izan dute herritarrek. Irudi horrekin agurtu dute irundarrek 2024ko Itzulia.

Txirrindulari lasterketa bat baino askoz ere gehiago

Txirrindularitzaren jaialdira batzeko Irungo Udalak oso jarduera programa aberatsa prestatu du, asteburu osorako, adin guztietako jendearentzat. Hala nola, Irungo Txirrindulari Elkartearekin elkarlanean erlojupekoaren ibilbidean barrena egindako paseoa: 40 zale bildu ditu, eta, ausart, eguraldi txarrari aurre egin behar izan diote, baina, azkenean, burutu egin dute.

Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páezek ere oso balorazio ona egin du. Miguel Ángel Páezen hitzetan, “Itzuliak hirian utzi duen eragin ekonomikoa eztabaidaezina da, ekitaldi honek mobilizazio handia ekarri baitu, bai antolakuntzari dagokionez, bai turismoari dagokionez. Hiri Bultzadako ordezkariak azaldu duenez, jende ugari ibili da kaleetan, eta, bereziki, Irungo eta eskualdeko ostalaritzari eta hotelei egin die mesede Itzuliak.

Hiriaren aldeko kanpaina

Hitzordu honen kontura Irunen irudia sustatzeko antolatutako kanpaina handi batek hiriak naturaren, kulturaren, kirolaren, gastronomiaren eta merkataritzaren alorretan duen indarra azpimarratu du: leloa, “Irunen barne”. Horrela, Irunen DNAren eta paisaiaren “barne” dauden erakargarriak nabarmendu ditu, eta, oso bereziki, kirola. Bost ardatzek osatzen dute hiriaren eskaintza, eta, haien bidez, Irun ekitaldiak antolatzeko hiri gisa finkatu du Udalak, baita haren posizionamendu turistikoa ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude