Irun 2024ko Itzuliaren abiapuntu izan da, probaren hasieratik 100 urte betetzen direnean. Atzo hiriko kaleetan barrena egindako erlojupeko probarekin hasi zen datozen egunetan Euskal Herria zeharkatuko duen txirrindularitza proba. Gaur ordea, Ficobako aparkalekuan hasi da Itzuliaren 2. etaparen ibilbide neutralizatua.
Eguerdiko 13:20ak aldera Ficobako aparkalekutik abiatu dira txirrindulariak. Tropelak ibilbide neutralizatua egin du Irungo kaleetan zehar: Iparralde etorbidea igo, Colón pasealekua zeharkatu, Nafarroa hiribidea jaitsi eta GI-636a hartu du. Endarlatsa etorbidea zeharkatu ostean, txirrindulariak Behobiako zubitik igaro dira, Lapurdiko lurretan lasterketari hasiera emateko.
Argazkietan tropela Ficobatik irten eta Iparralde etorbidetik nola igaro den ikusiko duzu.













