Javier Garrido irundarrak, Europako talde ezberdinetan jokalari moduan aritu ostean, etxeko taldean jolastera itzuli da. Bost edo sei urterekin hasi zen lagunekin batera Irungo Dunboa taldea futbolera jolasten. Orain, ordea, Real Unioneko jokalari bezala talde irundarra promozio postuetatik ateratzeko borrokatzeko prest dago.
Urte askotan kanpoan egon ondoren, etxera itzultzea erabaki duzu?
Bai, orain dela asko kanpoan egona naiz. Iaz hemen entrenatzen hasi nintzen eta lesio bat eduki nuen, nahiz eta nire buruan hemen fitxatzea neukan. Aurten aurre-denboraldian horrela egin nuen eta pozik nago.
Urte asko eman zenituen Realaren barnean?
Harrobitik eta Realaren barnean era profesional eta pertsonalean hazi naiz. Beti nire bihotzean eramango ditut Reala eta Dunboa taldeak.
2003an lehen talderako saltoa eman zenuen?
Bai, lehen entrenamenduak egin ostean, Oviedoren aurkako Errege Kopan debutatu nuen eta 2004ean jokalari bezala hasi nintzen. Hiru urte egon nintzen lehendabiziko taldean eta handik aurrera mugitzen hasi nintzen.
Reala atzean utzi eta Europatik barrena ibili zinen?
Nire buruan kanpora joatearen ideia ez nuen arren, aukera agertu zen eta pausua ematea erabaki nuen. Hiru urte pasa nituen Manchesterren, beste esperientzia polita izan zena. Handik aurrera, aldatu, Italiara joan nintzen eta bi urtez egon nintzen Erroman. Ostean, Norwich-era joateko sekzio bat etorri zen eta beste hiru urte pasa nituen han oso gustura.
Las Palmas taldera pasa zinen ostean?
Bai, hogei partidu baino gehiago jokatu nituen bertan egondako urtean. Hasieran kostatu zitzaidan, berandu iritsi nintzelako eta, forma fisikoa berreskuratu ostean, erritmoa hartu nuen. Denboraldi txukuna egin genuen eta handik Txiprera joan nintzen.
Zelako esperientzia izan zenuen Txipren?
Joan nintzenean ez nengoen oso seguru, gainera bikotekidea hemen nuen. Azkenean joateko erabakia hartu nuen eta urte bat jolastu nuen bertan, Liga irabazteko borrokan ibili ginen.
“Jokalari oso onak ditugun arren, talde bezala zerbait falta zaigu”
Nolakoa da Europatik itzuli eta etxetik zu ibilitako beste taldeen aurka jolastea?
Denboraldia hasi aurretik lagunarteko partiduak jolastu ditugunez ohitzeko aukera izan dut. Gauzak ezberdinak dira, orain hemen nago maila ezberdin batean eta momentu eroso batean aurkitzen gara, azken egunetan gertatutako gorabeherak alde batera utzita. Guztiak egoera honetara iritsi izanaren errudun gara,baina, taldea aurrera atera behar dugu, lehenbailehen partiduak irabazten hasi behar gara.
Alberto Iturralde entrenatzaile berriarekin, entrenamenduetan aldaketarik nabaritu duzue?
Oraindik goiz da eta bakoitzak taldea zuzentzeko era ezberdin bat dauka. Azken finean gu jokalariak gara eta guk atera behar dugu hau aurrera. Izan ere, errazagoa da entrenatzailea kanporatzea, 20 jokalari kanporatzea baino. Hori guztiok dakigu eta gure esku dago aurretik dauzkagun 8 partiduetan dena ematea.
Denboraldian zehar izandako berdinketetan puntu asko galdu dituzuela uste duzu?
Ez da normala. 17 berdinketa izan ditugun arren, batzuk oso partidu onak izan dira, talde onen aurka. Besteetan, ordean, nire ustez gu baino maila baxuagoa duten taldeak gurekin berdinketara iristea lortu dute. Orain hori ahaztu eta hurrengo partiduko hiru puntu garrantzitsuak lortzen saiatu behar gara.
Nola ikusten dituzu hurrengo partiduak?
Une honetan dugun egoera ez da pozgarria. Jokalari oso onak ditugun arren, talde bezala zerbait falta zaigu eta hori txukundu beharra dugu.