Kirolak berriro Behobia eta Donostia festa batean lotu ditu

Urte bateko etenaldiaren ostean, azaroaren 14an Behobia-Donostia lasterketak Irun eta Gipuzkoako hiriburua lotu ditu berriro. Guztira, 25.379 lasterkarik parte hartu dute kirol proban.

Pandemiaren egoerak hala ahalbidetu duenez, azkenean, Behobia Donostia berriro antolatzea posible izan da. Izan ere, lasterketaren 56. edizioa 2020ko azaroan egitea aurreikusita zegoen, urte bereko abuztuan Fortuna Kirol Elkarteak probaren antolaketa bertan behera uztea erabaki aurretik. Aurreko urtean zehar hainbat ekitaldi birtual antolatu baitziren ere, urtebete itxaron behar izan da lasterketa kalera itzultzeko.

Lasterketaren 56. edizioan kirolariek Behe Bidasoa eta Donostialdea banatzen dituzten 20 kilometroak zeharkatu dituzte. Lasterketako sailkapen ofizialean, Eneko Agirrezabal gipuzkoarra izan da Donostiako helmugara iristen lehena 1 ordu 1 minutu eta 41 segundoko denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, Nuria Lugueros (1 ordu 12 minutu eta 42 segundo) izan da lasterketa amaitzen lehena. Pertsona ezinduen kasuan, aldiz, Ivan Manoel Montero (00:38:49) izan da parte hartzaile azkarrena. Patinatzaileetan, ordea, Aitor Vacas (00:38:32) izan da helmugara iristen lehena.

Egokitzapen txikiak
Azkenean, lasterketa antolatzea posible izan bada ere, hainbat egokitzapen egin behar izan dira proba pandemia testuingurura egokitzeko. Probaren antolakuntzatik izen-emate kopurua %25 murriztu da, lasterketaren ohiko egitura eta dimentsioak mantenduta. Esaterako, maskararen erabilera bezalako elementuak kirol-proban txertatu dira. Lasterketan zehar musukoa jantzita eramatea beharrezkoa izan ez bada ere, irteera taldeetan eta helmuga gainditu ondoren musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izan da. Gainera, 15 minutu luzatu da irteeren arteko tartea, ibilbide osoan lasterketaren dentsitatea murrizteko.

Ibilbideko anoa postuak mantendu diren arren, 3. eta 5. postuetan anoa solidoa kendu da, ura eta isotonikoak soilik mantendu direlarik. Era berean, irteerako kontsignan pilaketak saihesteko, irteera aurreko kontsignak erabiltzea aholkatu zitzaien lasterkariei. Aurten lasterketaren azokarik izan ez denez, lasterketaren poltsak Reale Arenan edo probaren egunean Gipuzkoa plazan jaso behar izan dira. Bestetik, ez da indarberritze kaparik ipini eta, horren ordez, helmugako anoa poltsak normalean baino produktu gehiago izan ditu. Horrela, egokitzapenak tarteko, kirola, esfortzua eta giro ona Behobia eta Donostia arteko errepideetara itzuli dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude