Irungo Udalak kreditu eragiketa bat baliatuko du 2021eko aurrekontua osatzeko

Ekonomia eta Ogasuneko ordezkari Miguel Ángel Páezek gaur azaldu duenez, Irungo Udalak kreditu eragiketa bat baliatuko du 2021eko aurrekontua osatzeko.

COVID-19aren ondoriozko krisialdiak, batetik, sektore publikoak diru sarrera gutxiago izatea ekarri du, eta, bestetik, gastuak doitu behar izatea behar berriei erantzuteko eta askotariko ezohiko gastuak (zuzeneko laguntzak, ezohiko garbiketa gastuak, gastu sozialak…) ordaintzeko.

Hasiera batean, 2020ko aurrekontua 84.012.190,67 eurokoa zen, baina, 2021erako, 6.428.776,67 euroan jaitsi zen: 2021eko aurrekontua 77.583.414,00 eurokoa zen; besteak beste, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren ekarpenaren jaitsieragatik.

Ahal den neurrian 2020ko aurrekontuaren araberako hasierako gastuari eusteko, Gipuzkoako toki entitateei aplikatzekoak diren ezohiko eta presazko finantza neurriei buruzko azaroaren 10eko 9/2020 Foru Dekretu Araua onartu izanak ematen duen aukera aprobetxatuz, kreditu lerro baten bidez finantzatzeko aukera jaso zen 2021eko aurrekontuan.

Ildo horretatik, urte bukaera baino lehen kreditu lerro bat formalizatzea proposatu da, 2021eko inbertsioei aurre egin ahal izateko eta, aldi berean, etorkizunera begira, krisiaren ondorioz atzeratu diren baina 2022ko aurrekontuen proiektuan sartu nahi diren proiektu estrategikoetarako baliabideak izateko.

Era berean, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (Europako funtsen) esparruan onartzen diren deialdietara aurkezteko lantzen diren proiektuetarako erabili nahi du kreditua Udalak. Dagoeneko batzuk aurkezten hasi da, baina ez da gauza segurua proiektuen % 100erako finantzaketa lortzea, eta, horregatik, beharrezkoa da Udalak inbertsioak egitea.

Eragiketa horrek ez du Foru Ogasunaren baimenik behar, eta nahikoa da jakinarazpen hutsa egitea, Irungo Udalaren zorpetzea ez baita likidatutako sarrera arrunten % 75 baino handiagoa. Izan ere, gaur egun % 13,7koa da, eta kreditu-eragiketa hori zenbatuta, % 21ean egongo ginateke.

Irungo Udalak ez zuen kreditu-eragiketarik egin 2009tik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude