KM0 kontzertu akustikoen zirkuitua aurkeztu da gaur, Legia kaleko Ekialde tabernan. Aurkezpenean Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako ordezkaria, Amane artista eta Lanbroa musika-taldeko Mikel Goñi izan dira. Udaberrian egindako ekimen horren lehen edizioaren ondoren, hiriko zenbait establezimenduetan beste emanaldi sorta egingo da udazkenean. Lehen hitzordua bihar izango da, urriaren 12an, iluntzeko 20:00etan, Siglas taldeak Manolo eta Rugby tabernetan emango duen kontzertuarekin, Foruen kalean.
Bihartik aurrera eta azaroaren 23ra arte, ostegunero, irundarrek aukera izango dute zenbait emanaldiz gozatzeko. Bertako artista eta musika-taldeek eskainitakoak izango dira (besteak beste, Siglas, Trouble Woman edo No Soy París) eta, zalantzarik gabe, publikoa txundituko dute, popetik rockera doazen estiloak uztartzen dituzten musika-proposamenekin.
Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak esan duenez: “Irun Zuzenean ekimenaren zazpigarren edizioak arrakasta handia izan zuen, Espainiako zein nazioarteko artista eta musika-talde ezagunen emanaldi batekin eta, hori ikusita, Irungo Udalean lanean jarraituko dugu bertako talentua ere protagonista izan dadin urteko musika-programazioan”. Kultura ordezkariak azaldu KM0 kontzertu akustikoen zikloaren helburua hori dela eta, edizio honetan, tokiko sei artista eta musika-talde hasiberri bilduko dituela, publikoa kantuan eta dantzan jarriko dutenak.
Kontzertu akustikoen zirkuitua Irun Zuzenean ekimenaren barruan antolatzen da, bi helbururekin: alde batetik, tokiko talentua indartzea, bertako artista eta musika-talde hasiberriei beren ibilbidea garatzeko aukera eskainita, formatu txikiko emanaldien bidez; eta, bestetik, ostalaritza dinamizatzea, hiriko kaleak girotzeko eta animatzeko jarduera baten bidez.
Hauxe da kontzertu guztien programa:
- Urriaren 12an, ostegunean, 20:00etan Siglas, Foru kalean Manolo eta Rugby tabernen artean.
- Urriaren 19an, ostegunean, 20:00etan Trouble Woman Joaquin Gamon kaleko oinezkoen eremuko Arkupe eta Chic tabernen terrazetan.
- Urriaren 26an, ostegunean, 20:00etan No soy París Jose Ramon Agirretxe parkeko Roma tabernako terrazan.
- Azaroaren 9an, ostegunean, 20:00etan Lanbroa Santiagoko garagardotegian.
- Azaroaren 16an, ostegunean, 20:00etan Amane eta Carmen 404 Legia kaleko Muro eta Ekialde tabernetan.
- Azaroaren 23an, ostegunean, 20:00etan Mi gato Sam Zabaltza plazako La Canasta eta El Ensanche tabernetan.