Lau ardatz, hamabost urte ospatzeko

Eguneroko lan ildoekin lotutako jardueren egitaraua antolatu du Antxeta Irratiak

Hamabost urte bete ditu Antxeta Irratiak 2016ko otsailean. Urteurrena ospatzeko, urte erdiko jardueren egitaraua prestatu dute irratiko kideek, programazioan eta bestelako proiektuetan jorratzen dituzten lan ildo nagusiekin lotuta. 15 urtez uhinak orrazten leloa hautatu dute. Otsailaren 26an egin dute egitarauaren aurkezpen ofiziala, Pausuko Xaia ostatuan. Antxetaren urteurrenaren abestia sortu duen Luz de Putas taldeak parte hartu du festan. Irratiko langileak, laguntzaileak eta inguruko jendea bildu dira Xaian.antxeta_15urte_zurekin

2011n Antxeta Irratiak hamargarren urteurrena ospatu zuenean, proiektua herritartu eta ikusarazi egin nahi izan zuten irratiko kideek. Oraingoan, egunerokoan lantzen dituzten ardatzekin lotutako egitaraua prestatu dute: euskara, berdintasuna, etorkinen inklusioa eta eskualdearen kohesioa. “Informazio lokala lantzeaz gainera, ikuspuntu horiek txertatzen dituen programazioa du Antxeta Irratiak. Gainera, ardatz horien inguruko eragilea ere bada”, azpimarratu du Aitziber Zapirain langileak. Irratiaren egunerokoaren oinarri diren ardatz horiek, isla dute hamabosgarren urteurrenerako prestatu duten egitarauan.

Otsailean zehar, topaketa gastronomiko kultur anitzak antolatu dituzte, Hendaian, Irunen eta Hondarribian. Behe Bidasoan bizi diren argentinarrek, nikaraguarrek, senegaldarrek, ukraniarrek eta mexikarrek euren jakiak dastatzeko aukera eman dute. Martxoan, Hendaiako Herriko Etxeak Martxoan Euskaraz egitaraua antolatzen du, eta Antxetak bere ekarpena egingo du, euskal elkarteen arteko topaketa saio batekin. Berdintasunari dagokionez, zehazteke dagoen mahai-inguru bat antolatuko dute. Apirilaren 23an, bertso bazkaria egingo dute, Irunabar Irungo bertsoaren bilgunearekin elkarlanean. Eskualdeko artisten erakusketa eta aldizkari berezi bat ere prestatzen ari dira, besteak beste.

Zailtasunak zailtasun, ilusioz egin dugu aurrera”

Maia Muruaga, Antxeta Irratiko langilea

Maiatzaren 6, 7 eta 8ko asteburuan, Bidasoan Euskaraz jaialdiaren edizio berezia antolatuko du Antxeta Irratiak. Hamabigarrena izango da jada. Irratiaren eskutik egin du aurrera Bidasoan Euskaraz-ek. “Hasierako edizioak ez ziren ondo atera. Baina urtero-urtero tematu gara festa antolatzearekin, eta pixkanaka egonkortu egin da. Gaur egun, eskualde osoko jendea etortzen da, hutsik egin gabe”, adierazi du Zapirainek. Antxeta Irratiaren bilakaerarekin konparatu du Maia Muruaga lankideak: “Zailtasunak zailtasun, ilusioz egin dugu aurrera”.

Helburu eta ikuspuntu argiekin sortu zen

2001eko otsailean jaio zen Antxeta Irratia, Lapurdiko Gure Irratiaren ekimenez. Behe Bidasoa eskualdean antzeman zituzten beharrei erantzuteko asmoz martxan jarri zutela azaldu du Muruagak: “Komunikazioaren aldetik, Bidasoaren bi aldeetako herrien arteko hartu-emanetan gabezia handia zegoela ikusi genuen. Hutsune hori betetzeko, eta euskararen presentzia areagotzeko, irratia tresna baliagarria izan zitekeela pentsatu genuen”. Hondarribia, Irun, Hendaia, Urruña eta Biriatu herriek osatutako eskualdeari zuzenduta lan egiten dute, orduz geroztik. Ikuspegi hori gero eta hedatuagoa dagoela uste du Aitziber Zapirainek: “Biztanle askok bizi dute eskualdea hiri handi bat izango balitz bezala. Muga fisikoa desagertzearekin, jende gehiagok jotzen du naturaltasunez alde batera eta bestera”.

Gure Irratiaren deslotura modura, frekuentzia legala lortu zuen Antxeta Irratiak Iparraldean. Frantziako estatuan, onarpen osoa du irrati elkarte gisa, legearen babesa du, eta diru-laguntzak jasotzen ditu. Hegoaldean, berriz, frekuentzia legal baten esleipenaren zain ari da oraindik. Gure Irratiko lankideek formatutako hiru langile hasi ziren Antxeta Irratian. “Hasiberriak ginen”, gogoratu du Maia Muruagak. Topatu zuten zailtasunik handiena, euskarazko informazioa normaltasunez jasotzea izan zela aipatu du Muruagak. Aitziber Zapirainek baieztatu du Antxeta Irratiak bultzada handia eman duela zentzu horretan: “Lan handia egin dugu eskualdeko komunikazio instituzionala euskalduntzeko. Elkarteek eta eragileek ere, ahalegina egin behar izan dute”.

Komunikabide arrunta baino gehiago ere bada

Irrati komunitarioa da Antxeta Irratia, eta komunikabideen hirugarren sektorean kokatzen du bere burua. Komunikabide publikoez eta pribatuez aparte. Elkartearen egitura juridikoa eta estatutuak ditu. Horrek esan nahi du, betebehar edo eginkizun batzuk dituela. Hori dela eta, eguneroko programazioa ekoizteaz gainera, aipatutako lau ardatz nagusien aldeko eragile ere bada. Proiektuak eta jarduera osagarriak burutzen ditu Antxeta Irratiak. “Ahaztu gabe irrati bat garela, eta proiektu guzti horiek irratiarekin nolabaiteko lotura izan behar dutela”, zehaztu du Aitziber Zapirainek. Mahai-inguruak, hitzaldiak, jardunaldiak edo emankizun sorta bereziak izan daitezke, adibidez.

“Komunikatzeko eskubidea guztiona da, eta irratia herritarraren esku dagoen tresna besterik ez da”
Aitziber Zapirain, Antxeta Irratiko langilea

Urteak daramatzate, adibidez, irrati-tailerrak eskaintzen. Eskoletan, edo elkarte eta eragile ezberdinei zuzenduta. Helduekin, helburua irrati komunitarioaren izaera azaltzea izaten dela argitu du Zapirainek: “Komunikatzeko eskubidea guztiona da, eta irratia haien esku dagoen tresna bat besterik ez da”. Ikastetxeetako haurrekin, medioa ezagutaraztea eta ikasgelatik kanpo euskaraz aritzeko aukera badagoela frogatzea dute helburu: “Haur batzuentzat, irakaslea entzuteko hizkuntza da euskara. Besterik ez. Erakusten diegunean euskaraz irrati bat egin daitekeela, beste ate bat irekitzen diegu”.

Irrati elkarte izatearen beste ezaugarri nagusia, laguntzaileen sarea da. Lau langile ditu, gaur egun, Antxeta Irratiak. Baina laguntzailez inguratuta daude. Ekarpen ezberdinak egiten dituzte: irratsaioak ekoiztu, jarduera paraleloak antolatzen lagundu, etab. Bestalde, Euskal Herriko, Europako eta mundu mailako sareetako kide da Antxeta Irratia: Euskal Irratiak Iparraldeko irratien federazioa, Euskal Herriko irratien Arrosa sarea, edo AMARC (Mundu mailako irrati komunitarioen elkartea). AMARC-en Europako zuzendaritza markoan, hizkuntza gutxituen arduraduna da Antxeta Irratia. FM-ko 89.7 eta 90.5 frekuentzietan, edo www.antxetamedia.info web gunean entzun daiteke Antxeta Irratia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude