Maiatzaren 5era arte eman ahalko da izena urteko lehen Merka2dasoa azokan parte hartzeko

Datorren maiatzaren 10ean, larunbatean, Merka2dasoa bigarren eskuko objektuen urteko lehen merkatua egingo da Irunen. Azoka Zabaltza Plazan izango da, baina ordutegi aldaketa txiki batekin:   goizeko, 10:30etik 14:30era izango da oraingoan. Ehunka objekturi bigarren aukera bat emateko aukera izango da.

Salmenta postuetarako izen-emateak

Salmenta postu bat jarri nahi dutenek maiatzaren 5a baino lehen eman beharko dute izena txinzer.eus web orrian eskuragarri dagoen formularioaren bidez. Ohi bezala, merkatuak gordailu zerbitzua eskainiko du, postu propiorik ez dutenek beren objektuak uzteko aukera izan dezaten, antolakuntzak sal ditzan.

Berrikuntzak

Berrikuntza gisa, izena ematen duten pertsonek merkatuaren egunean zamalanak egiteko ordua aukeratu beharko dute: 9:15, 9:30 edo 9:45. Helburua da egun horretan sortzen diren ibilgailu-pilaketak saihestea eta irisgarritasuna hobetzea. “Aldi berean auto gehiegi ez pilatzea da gure nahia eta helburua. Garrantzitsua izango da parte-hartzaileek aukeratutako ordutegia errespetatzea”, azaldu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak.

Horrez gain, merkatuaren araudia eskuragarri egongo da izena ematerakoan, eta baieztapena jaso ondoren ere bidaliko zaie parte-hartzaile guztiei. Araudia irakurtzea ezinbestekoa izango da ezustekoak eta arazoak saihesteko.

Murriztu, berrerabili, birziklatu

Merka2dasoa merkatu bat baino askoz gehiago da. Hondakinak murrizteko eta erabilerarik ez duten objektuen bizitza erabilgarria luzatzeko giltzarri den ekimena da. “Ez da salerosketa-gune hutsa; helburua objektuen bizitza luzatzea eta hondakinak gutxitzea da, modu atsegin eta parte-hartzailean”, adierazi du Zubiturrek. “Aukera bikaina da trastelekuak husteko, altxor txikiak aurkitzeko eta, batez ere, denon artean kontsumo arduratsuago baten alde egiteko”.

Merkatuaren helburua ekonomia zirkularra sustatzea eta kontsumo tradizionalari alternatiba iraunkor bat eskaintzea da. Hori dela eta, egoera onean dauden bigarren eskuko hainbat artikuluerosteko aukera izango da: kirol-materiala, arropa, poltsak, jostailuak, liburuak, etxetresna txikiak, etab. Merka2dasoaren espirituari eutsiz, ezin izango da saldu artikulu berririk, stockean dauden produkturik, eskulanik, ezta espresuki merkaturako sortutako artelanik edo bitxirik ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude