Gaur goizean aurkeztu dute laster Irunera iritsiko den Giuseppe Verdi musikariaren Macbeth opera. Hitzordua martxoaren 29an izango da, larunbatarekin 19:00etan Amaia KZn. Lau ekitalditan banatuta dagoen obra hau, Francesco Maria Piave eta Andrea Maffeiren libretoa dauka.Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako ordezkariak eta Ángel Pazos Luis Mariano Lirika Elkarteko ordezkariak hartu dute parte aurkezpenean.
Sarrerak salgai daude dagoeneko Udalaren webgunean eta Luis Marianoko turismo-bulegoan, 26 euroan bazkideentzat eta 33 euroan gainerakoentzat. 25 urtetik beherako gazteek, gainera, 10 euroko prezio berezia izango dute.
Kulturako ordezkariaren hitzetan, «beste behin ere, opera handi bat dakargu Amaia KZra. “Macbeth”en, bertako eta nazioarteko talentua uztartuko dira, kultur zentrora joaten diren guztiak txundituta uzteko. Kultura arloan beti saiatzen gara zerumuga berriak urratzen eta hiriko adierazpide artistiko guztien sendotzea sustatzen eta, nola ez, eskerrak eman behar dizkiogu Luis Mariano Lirika Elkarteari, lan eta ahalegin handiak egiten baitituzte Irunera obra onenak ekartzeko».
Luis Mariano Lirika Elkarteak eskainiko du emanaldia, Aldo Salvagno italiarra izango da zuzendari musikala, eta Alfonso de Filippis, aldiz, zuzendari eszenikoa.
Obraren beste parte hartzaileak hurrengoak izango dira:
- Paolo Rumetz (Macbeth).
- Karine Skrzeszewska (Lady Macbeth).
- Emil Abdullaiev (Banquo):
- Alessandro Fantoni (Macduff).
- Marifé Nogales (Dama).
- Josu Cabrero (Malcolm).
- Hodei Yáñez (Doctorea).
Gainera, nazioarteko ordezkari ugari izango ditu emanaldiak. Horrela, Paolo Rumetz baritono italiarra arituko da Macbethen paperean, eta Karina Skrzeszewska soprano poloniarrak, aldiz, Lady Macbethena. Bestalde, Emil Abdullaiev baxu ukrainarra Banquo izango da, eta Alessandro Fantoni tenore italiarrak antzeztuko du Macduffen papera.
Jakina, rol txikiagoetan etxeko ohiko abeslariak izango ditugu, hala nola Marifé Nogales mezzosoprano andoaindarra, Josu Cabrero tenor lekeitiarra edota Donostiatik etorritako etorkizun handiko baxu bat: Hodei Yáñez.
Macbeth opera
Macbeth Eskoziako erregearen zerbitzuko jeneral boteretsu bat da, eta egun batean tronuan eseriko dela iragarri diote. Haren lagun Banquori, aldiz, erregeen aita izango dela iragarri diote. Macbethek eta andreak iragarpena azkartzea erabaki dute eta, horretarako, erregea eta tartean harrapatutako beste zenbait erailko dituzte, tartean Banquo bera. Lady Macbeth gogor kolpatuko dute gertakari hauek guztiek, eta erotuta hilko da. Macbeth ez da mendekuen beldur, emakume batengandik jaiotako inork hilko ez zuela ere iragarri zioten eta, baina Macduffen biktima izango da: haren familia erail zuen, eta ez zen emakume batengandik jaio, amaren hilotzaren sabeletik atera baitzuten. Azken heriotza horren ondoren, Banquoren semeak jabetuko dira koroaz.
Zinemako opera
Zikloari jarraipena emanda, hurrengo saioa asteartean izango da, hilak 25, 18:00etan, emanaldi nagusiaren aurrekaria izango den Macbethen bertsio handi batekin. Amaia KZko hitzaldi-aretoan izango da. Sarrera doakoa izango da, eta Paquito Sagüés arduratuko da aurkezpenaz.
Ikuskizunen entseguak Amaia KZn
Denboraldi honetan, aurrekoetan bezala, ikuskizunen entseguak ikustera joateko aukera eskainiko da, ikuskizunaren aurreko astean, asteartetik ostiralera, 20:00etan. Sarbidea Amaia KZko erakusketa-aretotik egingo da. Sarrerak erosita dauzkatenak eta abonamendua erakusten dutenak bakarrik sar daitezke.



