“Mina” erakusketak artea 3 dimentsiotan gozatzeko aukera eskaintzen du Martindozenea Gaztelekuan

GazteARTEan Expo izeneko programaren barruan, ikasturte berrirako aurreikusita dauden bost erakusketetatik laugarrena bisitatu du Santi Jimenez Gazteria ordezkariak Martindozenea Gaztelekuan, Garikoitz C. Muruarekin batera. Garikoitz  Irungo Udaleko Gazteria Sailak 2015etik antolatzen duen ekimen honen koordinatzailea da eta Amets Zalakain ere bertan izan da. Lurgi Zalakain ahizparekin batera, biek forma eman diote  jarduera berri honi.

Proposamen berri hau, “Mina” izenekoa, hiru dimentsiotako artearekin loturik dago. Martindozenea Gaztelekuan egongo da urtarrilaren 23tik otsailaren 20ra bitartean eta Gaztelekuko erabiltzaileek bisitatu ahal izango dute. Covid-19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, aurreko erakusketaldietan gertatu zen bezala, gainerako herritarrek udal webgunearen eta aplikazio baten bidez eskuratu ahal izango dituzte erakusketaren edukiak, 360º-ko online bisita eginez.

Santi Jimenezek hau ekarri du gogora: “GazteARTEan 2015ean sortu zen, talentu gazteari laguntzeko eta alde sortzaileena eta artistikoena sustatzeko helburuarekin, eta, horrez gain, beste gazte irundarrekin batera sormen-prozesua partekatzeko espazio bat sortzeko helburuarekin. Programa honen bidez, gazteei protagonismoa ematen saiatzen gara, sormena garatzeko lekua izan dezaten, haien arteko sinergiak sortzeaz gain, ezagutza eta sormen eta arte gaitasunak susta daitezen “.

Erakusketa hainbat koadro eta zirriborroz osaturik dago, hasierako diseinuekin eta 3D-etako inprimagailuekin egindako irudiz. Gainera, prozesu osoan erabiltzen diren material-filamentuak ikusi ahal izango dira, guztira, dozena bat objektu artistiko. Lan honekin, Gipuzkoako Villabonako Zalakain ahizpek AMLU Studio sortu dute pieza paregabeak eginez, horien artean euren espezialitate diren bitxi batzuk osatzen dute erakusketa. Ingurunea eta jasangarritasuna zaintzea baliotzat hartuta, erabiltzen duten materiala plastiko biodegradagarria da eta ekoizpen txikiak egiten dituzte.

Ohi den bezala, Gaztelekuko erabiltzaileentzako tailer bat antolatu da Gazteartean, erakusketa bakoitzean erabiltzen den teknikara hurbiltzeko xedeaz. Kasu honetan, Amets Zalakainek bere prozesu sortzailea erakutsiko du eta ideia batetik abiatuta lehenengo marrak nola markatzen dituen erakutsiko du, nola sortzen duen zirriborro bat, nola markatzen dituen diseinuaren lerroak eta nola amaitzen den pieza berri bat azken formarekin, besteak beste. Diseinu hori formatu digitalera eramateko prozesua nolakoa den erakutsiko du, 3Detako inprimagailura eramango duen programa batean lantzeko. Horrez gain, bere ibilbidearen hastapenak, egin dituen bideak eta AMLU Studion aurrera begirako planak azalduko ditu, Lurgi ahizparekin batera. Tailerra urtarrilaren 23an izango da, arratsaldez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude