Hiriko oinezkoentzako 45 pasabideetan piktogramak jarri dira herritarren segurtasuna areagotzeko. Horiei esker autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonen segurtasuna indartzea bilatzen da, baita haurrena eta adinekoena. Arloko ordezkari Gorka Álvarezek eta Mugikortasun Jasangarriko Arloko ordezkari Sergio Javierrek eman dute ekimenaren berri, Aurreratu elkarteko fundatzaile Mari Llucia Gilekin batera, Erdialdeko anbulatorioaren pareko pasabideen ondoan.
Besteak beste, hiriko bi anbulatorioen inguruko pasabideetan jarri dira piktogramak; Dunboa, Toki Alai, Elatzeta, Belaskoenea, Lekaenea, La Salle Irun, Txingudi, San Vicente de Paul eta Eguzkitza ikastetxeen inguruan; Hizkuntza Eskola Ofizialaren inguruan; Mendibil merkataritza gunearen inguruan; eta Caser Residencial Anaka egoitzaren inguruan.
“Gelditu, begiratu, kotxea geldi edo semaforoa berdean dagoen egiaztatu eta gurutzatu” dioten piktograma batzuk sortu dira, gaitasun desberdinak dituztenei laguntzeko, hau da, zirkulazio seinaleak gainontzeko herritarrek bezala ikusi edo interpretatzen ez dituztenei. Horiei esker, mugikortasuna seguru eta inklusiboagoa izango da hirian, bestelakotasun funtzional edo kognitiboren bat dutenei ere egingo baitiete mesede.
Álvarezek nabarmendu du zeinen garrantzitsua den ekimena segurtasuna hobetzeko: “Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako Arloak oztopo arkitektonikoak kentzeko kanpainak egiten ditu, baina ekimen hau berritzailea da, eta harago doa: gaitasun desberdineko pertsonei laguntzen diegu, eta mugikortasuna seguru eta inklusiboagoa egiten”. Pauso txikia izan arren, Gorka Álvarezen ustetan jende askori lagunduko dio.
Bestalde, Sergio Javier ordezkariak azpimarratu du funtsezkoa dela hirian mugikortasun segurua sustatzea: “Udaletik, eta, hain zuzen ere, Mugikortasun Jasangarriko arlotik, beti saiatzen gara laguntzen duten formula berriak bilatzen, pertsona eta talde kaltebera guztiek gure kaleetan mugikortasun seguru eta inklusiboa izan dezaten”. Are gehiago, piktograma horiek modu estrategikoan jarrita, hala nola ikastetxeetatik edo merkataritza-guneetatik irtetean.
Piktogramen zentzua
Piktogramak, urdinak, oinezkoentzako pasabideetako lehenengo zerrenda txuri osoaren gainean margotu dira, seinalea eta berau betetzeko egin beharrekoa lotzen laguntzeko, lau arau soil oinarritzat hartuz: gelditzea, begiratzea, kotxea geldi edo semaforoa berdean dagoela egiaztatzea eta gurutzatzea.
Horrela, irudiak eta ekintzak lotzeko zubiak izango dira piktogramak. Izan ere, euskarri bisualak oso tresna lagungarriak dira, pausoz pauso eguneroko bizitzako egoerei aurre egiteko bideak eskaintzen dituztenak.
Azken batean, kalea gurutzatu nahi dutenak seguruago ibiltzea da helburua, eta hiria inklusiboagoa izateko lanean jarraitzea; alegia, irisgarritasun unibertsalean eta gaitasun desberdineko pertsonen aukera berdintasunean aurrera egitea eta gizartea kontzientziatzea.



