
Oinatz Igosek erizain eta irakasle gisa izandako esperientziak bateratu ditu “Mateo y el quirófano“, bere lehen ipuina, sortzeko. Istorio honen bidez, haurrek kirofanoan sartzeko beldurra galtzea nahi du idazleak. Entretenimenduaz gain, proiektuak ongintzarekin ere badu lotura, erosleek erabaki dezaketelako zer ongintza kasurako erabiliko diren salmentaren bidez lortutako irabaziak. Oinatz Igosek azaldu duenez, dena iragarritakoaren arabera ateratzen bada, liburua 2024ko urtarrilean argitaratuko da.
Nola bururatu zitzaizun liburu bat idazteko ideia?
Hori guztia pandemian hasi zen, baina denbora bat neraman liburu bat idazteko asmotan. Hala ere, pandemiaren unerik gogorrenean, osasungintzako profesionalek izan genuen lan guztiaren erdian, nire proiektuen inguruan hausnartzeko denbora izan nuen, besteak beste, jarraian azalduko dudana. Nire asmoa liburu edo ipuin bat idaztea zen. Zer idatz nezakeen pentsatzen hasi nintzen, eta erizain eta irakasle nintzenez, bururatu zitzaidan gai horiekin zerikusia zuen zerbait idatz nezakeela, beti zerbait berria sortzeko ideiarekin. Egia da ez dela erraza osasun jargoia edo hizkera haurrei egokitzea, eta, horregatik, behar bereziak dituzten haurrekin lan egiterakoan piktogramak zeinen garrantzitsuak diren gogoratu nuen.
Beraz, esan daiteke zure bi bokazioak elkartzearen emaitza dela, ezta?
Halaxe da. Irakasle gisa, gaitasun bereziak dituzten haurrekin lan egitean konturatu nintzen zerbait berria uler dezaten piktogramak oso lagungarriak direla. Marrazkien bidez, egunean zehar egin behar dituzten zereginak azaltzen zaizkie, hala nola gosaltzea, dutxatzea edo eskolara joatea. Horrela, haiekin komunikatzeko aukeraz gain, haiengana hurbildu eta konfiantzazko harremana sortzeko aukera ematen du. Horregatik, baliabide horiek osasun arloarekin elkartzea erabaki nuen; izan ere, osasungintzan egin dudan ibilbidean, kirofanoaren barruan lan egiteaz gain, interbentzio baten aurreko eta ondorengo errealitatea ere ezagutu ahal izan dut.
“Irakasle gisa ikasi nuen haurrek gauzak hobeto ulertzen dituztela marrazkien bidez azaltzerakoan”
Zergatik aukeratu zenuen kirofanoaren gaiari heltzea lehen ipuinean?
Hasieran ez nuen argi izan zer egin nahi nuen. Behin haurrentzat idatzi nahi nuela jakinda, zergatik kirofanoa? Hori aukeratu nuen hori baitzen nik gehien ezagutzen nuen errealitatea, denbora asko eman nuen bertan eta asko markatu ninduen. Gainera, konturatu nintzen kirofanora sartu behar zuten ia haur guztiak gaizki sentitzen zirela, larrituta eta beldur handiz. Idazten hasi nintzenean oroitzapen horiek etorri zitzaizkidan burura eta horiek islatzen saiatu nintzen.
Ipuina sortzeko garaian benetako istorioren batean inspiratu zara edo fikziotik jo duzu?
Egia esan, ez da ez bata ez bestea, bien arteko nahasketa da. Istorioa idazterakoan ez naiz esperientzia bakar batean zentratu, hainbat istoriotan oinarritu naiz prozesuaren fase desberdinak islatzeko. Gainera, alegiazko zati bat ere sartu nahi izan dut, ipuin honen bidez beldur hori arintzea baita nire ideia. Horretarako, jarraian gertatuko dena azaltzen saiatzen naiz. Era berean, fantasia erabiliz, inoiz egon ez diren mundu berri batera bidaiatzeko aukera izango dutela azaltzen diet, kirofanora lasaiago eta gogotsuago joan daitezen.
Beraz, helburua beldurra uxatzea da?
Hori da. Egia da ezinezkoa dela beldurra erabat desagertzea, baina pixka bat gutxitzea lortzen badut, nahikoa da.
“Egia da ezinezkoa dela beldurra erabat desagertzea, baina pixka bat gutxitzea lortzen badut, nahikoa da”
Argitaratu ahal izateko crowfunding-aren formula aukeratu duzu. Zergatik?
Behin ipuin idatzia izan nuenean, liburua argitaratu nahi zuen argitaletxe baten bila hasi nintzen. Gaur egun oraindik argitaletxe batzuen erantzunik jaso gabe jarraitzen dut. Beste batzuekin hitz egitea lortu nuen, baina ez genuen elkar ondo ulertu, alde batetik royalty-ei dagokienez eta, bestetik, maila ekonomikoan, liburuak argitaratu ahal izateko kapital jakin bat izatea eskatzen dizute eta. Azkenean, bi arrazoirengatik aukeratu dut erabili dudan formula. Batetik, jendeak nire proiektuarekin laguntzeko aukera izan duelako. Era berean, ezaugarri horietako ipuin bat argitaratzeak oro har izan dezakeen interesa neurtzea ahalbidetu didalako, ez baita ipuin arrunta eta ez bainekien zenbaterainoko arrakasta izango zuen.
Zer harrera izan du proiektuak mezenasgo kanpaina abiarazi ondoren?
Erantzunak harritu egin nau ni eta jende asko, lagun batzuek uste baitzuten ez nuela nire helburua lortuko. Horregatik, oso pozik nago emaitzarekin, baina egia da ez dela erraza izan, eta ahalegin handia egin behar izan dudala.
Zein fasetan dago proiektua gaur egun?
Une honetan maketazio fasean dago, eta fase hori bi zatitan banatzen da: ilustrazioak eta ortografia zuzenketa. Ilustrazioak ipuinaren funtsezko zati bat dira. Eta testu gutxi duen arren, euskaraz eta gaztelaniaz dago eta hori zuzendu egin behar da. Uste dut hiru hilabete inguru beharko direla hemendik aurrera hori egiteko. Ez dakit noiz argitaratuko den zehazki, baina esan didate dena ondo badoa 2024ko urtarrila inguruan izango dela. Hori besterik ez dago oraingoz.
Haurren ipuin batean ilustrazioak garrantzi handikoak al dira?
Hala da. Irakasle gisa ikasi nuen haurrek gauzak hobeto ulertzen dituztela marrazkien bidez azaltzerakoan. Idazten dudan guztia islatzea gustatuko litzaidake, baina ilustratzaileekin borrokan ari naiz, gauza batzuk ezin baitira islatu. Orain, zer sartu eta zer ez erabaki nahi dut. Baina argi daukat ilustrazioak liburu honen funtsezko zati bat izango direla.
Proiektuak ere ongintzarekin loturiko zatia du.
Ideia horrekin guztiarekin hasi nintzenean, nire helburu nagusia laguntzea zen. Horregatik, jendeak liburua erosten duenean, lortutako onurak dohaintzan ematea da. Asmoa da liburua erosi duen jendeari liburuaren salmentarekin loturako irabaziak zertan inbertituko diren aukeratzeko bidea ematea. Horretarako, botoen zenbaketa egingo da, eta boto gehien jasotzen duen GKE edo ongintzazko kausara bideratuko dira.
Ba al duzu buruan libururen bat gehiago argitaratzea?
8 ipuin ditut pentsatuta, baina protagonistak eta istorioak desberdinak dira, hau da, Mateo ez da istorio guztien protagonista izango. Ideia horiek dagoeneko idatziak ditut, eta nire ideia da, dena ondo badoa, urtero liburu bat argitaratzea.



