Ana Sánchezek etorkizunera begiratzen du Picking Pack dendaren 25. urteurrena ospatu ostean. Apiriletik Lope de Irigoien kaleko 19. zenbakian kokatutako denda honen eskaintza hiru ataletan laburbildu daiteke: paper dendako produktuak, eskolako materiala eta bulegoko materiala. Picking Packen ibilbidea kale berean hasi zen 1998ko martxoan, baina orain pareko espaloian kokatutako dendatik erantzuten dituzte bezeroen eskariak. Dendaren leku aldaketak etorkizun oparo baten hasiera izatea espero du Ana Sánchezek.
Zer da Picking Pack ezagutzen ez zaituztenentzat?
25 urte daramatzagu eta pozik gaude gure bezeroei arreta eskaini ahal izateaz. Gugan jarritako konfiantza eskertu nahi dugu, eta beste 25 urtez arreta ematen jarraitzea gustatuko litzaiguke. Lehen parean geunden eta lokal berri honen aldeko apustua egitea erabaki dugu, negozioari bira bat eman ahal izateko. Dendarako sarrera erakargarriagoa dela iruditzen zaigu, bezeroarentzako produktu gehiago erakusteko aukeraz gain. Beraz, gure eginkizuna gure bezeroei era guztietako produktuak eskaintzea da, hemen behar duten guztia aurki dezaten, Donostiara joan beharrik gabe. 1998ko martxoan hasi ginen eta pixkanaka hazten joan gara. Bezero guztiei esker esan dezaket 25 urte daramatzadala negozio honen aurrean.
Lokal aldaketak hazten jarraitzeko aukera eman dizue, ezta?
Hori da, dendaz aldatzean ez genuen gehiegi urrundu nahi ere, 25 urteren ondoren, urrutira joanda jendea despistatu zitekeelako. Horregatik, inguru honetako lokal bat husteko zain geunden, eta azkenean lortu dugu. Orain arte lortutako arrakastarekin proba gainditu dugula esan dezakegu.
Zuen zerbitzuen artean bulegoko materiala, eskolako materiala eta papergintzakoa eskaintzen duzue, ezta?
Bai, gure lana horretan laburbiltzen da. Alde batetik, eskolarako behar duten material guztia eskaintzen dugu, baita testuliburuak eta irakurketa liburuak ere. Bestalde, bulegoetako eskaerei ere erantzuten diegu, eta, besteak beste, garraio bulegoetako, farmazietako edo ostalaritzako bezeroak ditugu. Horregatik, gure bezero mota oso zabala da.
Nola definituko zenuke zure bezeroen profila?
Denetarik daukagu. Batetik, jendearentzako arreta. Adibidez, Plaiaundiko gazte asko etortzen zaizkigu materiala edo fotokopiak edo inpresioak eskatzera USBtik, posta elektronikotik edo Whatsappetik inprimatzen baititugu. Bezeroari erraztasunak eskaini nahi dizkiogu beti. Enpresen kasuan, zerbitzu propioa dugu, guk geuk egiten baitugu banaketa. Zalantzak dituztenen kasuan, haiengana hurbildu egiten gara gure produktu guztiak erakusteko eta gure eskaintza zabalaren artean aukera dezaten. Horregatik, gure leloa hauxe da: zure egunerokoa errazten dugu. Eta horrek besteengandik bereizten laguntzen digu.
Produktu sorta zabala izatea garrantzitsua izango da, noski, ahalik eta bezero gehien erakartzeko, ezta?
Gure eskaintza zabalaz gain, bezeroek eskura ez dugun zerbait eskatzen badigute, hori lortzen eta ekartzen ahalegintzen gara. Anekdota gisa, esan dezakegu Picking Packeko lankide batek sotana bat saldu ziola apaiz bati. Hori da gure jarreraren adibiderik handiena: ez badaukagu, ekarriko dizugu.
“Bezero guztiei esker esan dezaket 25 urte daramatzadala negozio honen aurrean”
Era berean, azpimarratzekoa da zuen produktu marka propioa daukazuela, ezta?
Hori da, gure marka generikoa da, medikamentuekin gertatzen den bezala. Produktu ezagunagoak ditugu, eta gero gure marka propioa dugu. Egia esan, marka horretako produktuek oso emaitza ona ematen dute, eta hori bezeroengandik jasotzen dugun balorazioari esker dakigu. Produktu bat gaizki ateratzen denean, eskertzen dugu bezeroek horren berri ematea, eskaintzen ez jarraitzeko. Horregatik, bezeroen konfiantzari esker, esan dezakegu kalitatezko eta prezio ekonomikoa duten produktuak ditugula.
Eskolako itzulerarekin lanpetuta ibiliko zarete garai honetan…
Bai, jendea asko aurreratzen da prestaketekin, eta dagoeneko testuliburu asko enkargatu dizkigute. Hala ere, iraila ere lan handiko hilabetea izatea espero dugu. Batzuek nahiago dute dena lotuta utzi oporretara joan aurretik. Hala ere, beste batzuei irailera arte ez diete esaten eskolarako zer behar duten.
Uste duzu modek eragin nabarmena dutela papergintzari dagokionez?
Bai noski. Orain oso modan dago pastel koloreekin zerikusia duen guztia. Koadernoak, azpimarratzaileak, boligrafoak eta mota guztietako materialak ditugu kolore horietan, jendeari asko gustatzen baitzaizkio. Aitzitik, lehen kolorerik deigarrienak edo bizienak zeuden modan, eta orain alderantziz gertatu da. Lehen azpimarratzaileen 5 kolorerekin bakarrik egiten genuen lan, eta orain 15 edo 20 kolore ditugu. Horregatik, ezinbestekoa da garai berrietara egokitzea.
Beraz, oker ez banago, bereizten zaituen gauzetako bat tratu hurbila eta pertsonalizatua dela esango zenuke.Arraroa dirudi, baina esan dezaket bezeroek esaten didatela nahiago dutela dendara etorri eta bertan erosi internet bidez eskatu baino. Horrelako esaldiak entzutean, nola ez dut dena emango nire bezeroengatik? Horrelako gauzak esan ondoren, ezin diot uko egin eskatzen didatena bilatzeari. Eskatzen dut, bat bakarrik eskatu behar badut ere. Gaur egun eskertzekoa da bezero batek zuri erostea nahiago izatea, internet bidez erostea baino. Gainera, bezero asko hurbildu dira denda berriarengatik zoriontzera, eta asko gustatzen zaiela esan digute. Gezurra dirudi, baina aldaketa egin dugunetik nabaritu dugu jende gehiago sartzen dela.
“Gaur egun eskertzekoa da bezero batek zuri erostea nahiago izatea, internet bidez erostea baino”
25 urteren ondoren, zeintzuk dira Picking Packen erronkak etorkizunari begira?
Bezero gehiago izatea gustatuko litzaiguke, baina egia da kantitatea baino gehiago interesatzen zaigula benetan bezero onak izatea, nahiz eta bezero txikiak izan. Hau da, orain ditudanak bezalakoak, horiengatik jaikitzen bainaiz egunero. Azken batean, oso harreman hurbila dugu; izan ere, eskaerak nik neuk eramaten ditudanez, ia esan daiteke adiskidetasun harremana dugula. Beraiekin hitz egitean kezkak partekatzen ditut eta asko ikasten dut beraiengandik. Beraz, etorkizunari begira, hazten jarraitzea da gure erronkarik handiena.