Pikoketako fusilamenduaren 85. urteurrena bete da

Jose Antonio Santano alkateak, Santi Jimenez Memoria Historikoaren ordezkariak eta Irungo Sozialistak, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza/IU, EAJ-PNV eta EH Bilduko alderdi politikoetako ordezkariek parte hartu dute gaur goizean, 1936ko abuztuaren 11n Pikoketan fusilatutakoen omenez egindako ekitaldi batean. Udalbatzako ordezkariek lore-zentro bat utzi dute udal-panteoian.

Memoria Historikoari buruzko 52/2007 Legea kontuan hartuta, non jasotzen den 1936ko Gerrako eta/edo Frankismoko biktima bakoitzak aitorpen publikoa, justizia eta memoria jasotzeko eskubidea duela, Irungo Udala behartuta dago gizartearekin hartutako konpromezu memorialista horiek bultzatzera, gauzatzera eta erraztera. Horregatik, Irungo Udalak omenaldi txiki hau egiten die Pikoketan fusilatutakoei.

85 urte dira Beorlegui koronelaren (Los Arcoseko zutabeordea) tropa faxistek 9 gazte boluntario, tartean bi emakume eta 4 karabineroren fusilamendu ankerra egin zutela Pikoketa inguruan (Oiartzun).

Astearte hartan, 1936ko abuztuaren 11n, Irungo Gazteria Komunistaren goarnizio txiki bat, zenbait karabinerorekin batera, Pikoketako baserriaren inguruan zegoen, arma laburrekin eta metrailadore batekin. Beorlegui koronelaren operazio-egunkariak honela jasotzen du egun horretan gertatutakoa:

“Los Arcos-en zutabe partziala Ergoien eta Oiartzundik 00:30ean irteten da, Pikoketara hurbiltze-martxa eginez, berririk gabe: etsaiaren posiziotik hurbil, egunsentian, fusileria eta metrailadore sua jaso zuten, abangoardiako indarrak mugiaraztera  behartu zuena. Luze borrokatu ostean, Pikoketaren kontrola berreskuratu zen, etsaiari bederatzi hildako eta zazpi atxilo hartuaz, armamentua, munizio eta Hotchkiss metrailadora bat. Azken honekin, ihesean joan zirenei tirokatuz beste bost hildako utzi zituzten gure gain, armament guztiarekin.

Jakina zen, 1936ko udan Gipuzkoako Gerra Komisaldegiak egindako zenbait txostenen arabera, kolpistek nekez egiten zituztela atxiloak. Normalean, iritsi bezain laister edota amore eman eta berehala fusilatzen zituzten. Han zeuden miliziako borrokalariek zorigaiztoa pairatu zuten, Pikoketako baserriaren barruan babestu baitziren, ihes egiteko ia aukerarik gabe. Patxi Arocenak eta Alejandro Colinak bakarrik lortu zuten ihes egitea (lehena mendian behera korrika eta bigarrena baserritik gertu zegoen sastraka batean ezkutatuta).

Pikoketako miliziaren goarnizioa errenditu eta armak lurrean utzi ondoren, honako pertsona hauek berehala exekutatu zituzten (13):

Mertxe Lopez COTARELO, 16 urtekoa

Pilar VALLES VICUÑA, 18 urte

Jose MARIA ARRUTI IDIAKEZ, 18 urtekoa

Victor GENUA MONTIANO, 25 urtekoa

Jesus Lopez CASADO, 26 urtekoa

Agapito DOMINGUEZ TAGUADA, 23 urtekoa

Bernardo USABIAGA JAUREGUI, 17 urtekoa

Manuel JUSTO ALBERDI, 22 urtekoa

Miguel JACINTO Lopez, 49 urtekoa

Vicente ARGOTE, 46 urtekoa

Agustin MIGUEL BERMEJO, 39 urtekoa

Felix LUZ ECHEVERRIA, 27 urtekoa

ANGEL BRAÑA LOPEZ

Francisco Francoren diktaduran, errepresaliatu errepublikarrek isiltasunezko estalki bat jasan zuten gizarte frankistaren aldetik, non ezin izan zituzten biktimak berreskuratu, justizia egin eta omendu. 1976an hasi ziren, Marcelo Usabiaga, Bernardo Usabiaga fusilatuaren anaia, buru zutela, Pikoketan fusilatutakoen gorpuzkiak berreskuratzen.

Lurperatu zituzten hobia aurkitu ondoren, 1978an “Justizia eta memoria” egiteko ordua iritsi zen. 1978ko uztailaren 28a izan zen Pikoketan fusilatuak hobitik ateratzeko eguna. Abuztuaren 2an, omenaldia egin zitzaien parrokian, eta, ondoren, gorpuzkiak Blaiako hilerrira eraman zituzten. Bertan, fusilatuek Udalak utzitako panteoi batean atseden hartuko zuten. Ordutik, urtero hainbat omenaldi egiten dira (udan eta udazkenean), bai hilerrian, baita Pikoketan ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude