2024ko San Pedro eta San Martzialen hasiera ofiziala ate joka dagoen honetan, Irungo Kultura Arloak datorren igandean, hilak 23, San Juan plazaren inguruan izango diren jardueren berri eman du.
Ekitaldiak 19:00etan hasiko dira, San Juan plazan: orduan, San Juan zuhaitza jarriko da, urtero bezala, Irungo Txistulari Taldeak girotuta. 16 urtetik beherakoak ezingo dira igo, eta igo daitezkeenak ere ezingo dira igo sua piztu arte. Igotzea borondatezkoa denez gero, Udalak ez du inongo erantzukizunik hartuko bere gain ezbeharrik gertatzen bada.
19:30ean, erraldoiak eta buruhandiak aterako dira, Alberto Anguera plazatik, eta, Oiartzun, Hondarribia, Zubiaurre eta Geltoki kaleetan, Colón ibilbidean, Foruen karrikan eta Karrika Nagusian barrena, San Juan plazara iritsiko dira, dultzaineroekin, Irungo Atsegiña elkarteko erraldoi eta buruhandiekin, Bidasoako Erraldoiak elkarteko erraldoi eta buruhandiekin eta Peña Poteo txarangarekin batera.
Hurrengo ekitaldia San Juan plazako suaren inguruko aurreskua izango da, 20:45ean, Kemen Dantza Taldearen eta Irungo Txistulari Taldearen eskutik.
21:30ean, San Pedro eta San Martzial Jaietako agur ofiziala egingo da, udaletxeko balkoitik, eta, jarraian, 21:45ean, Irungo alkate Cristina Labordak San Juan plazako sua piztuko du, txistularien bandaren laguntzarekin.
Jaia, erdigune osoan
22:30ean, musika hasiko da, San Juan plazan eta inguruan Burrunba elektrotxarangaren eskutik, eta Urdanibia plazan Apaga y Vámonos talde irundarraren eskutik.
23:00etan, Santiagoko Deabruak bere suekin abiatuko dira Eliza kaletik. Ezkerretara egin eta Nafarroa hiribidean sartu, eta, itzulbidetik, Eliza kalera itzuliko da, eta, handik, San Juan plazara, “Trumoiak” ikuskizun piroteknikora. Parte hartzen dutenek arropa bakeroa edo kotoizkoa erabiltzea komeni da, lepo itxi eta mahuka luzekoa, baita zapia, txapela eta oinetako malgu eta itxiak ere. Udalak ez du inongo erantzukizunik hartuko bere gain ezbeharrik gertatzen bada. Azkenik, 24:00etatik aurrera, Kaotiko taldeak kontzertu bat emango du, Urdanibia plazan.



