Tadamun elkartea Oporrak Bakean proiektuaren bidez udan haur errefuxiatu sahararrak etxean hartu nahi dituzten familien bila dabil. Parte hartzen duten familiek udako bi hilabeteetan zehar haurrak hartuko dituzte, errefuxiatu kanpamenduetan bizi dituzten egoera tamalgarrietatik at bizi daitezen. Horrela, errealitate berri bat ezagutzeaz aparte, beren osasuna hobetzeko aukera ematen die.
Harrera familiek izen ematea egiteko epea martxoaren 15ean itxiko da. Beraz, data honetatik aurrera ezingo dira izenemate gehiago onartu. Ekimenaren inguruko informazio gehiago nahi dutenek, Oporrak Bakean webgunea kontsultatu edo 696 67 80 98 telefono zenbakira dei dezakete.
Udako harrera programa
Herri Sahararrak 45 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, munduko basamorturik idorrenetako batean, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz.
Oporrak Bakean programak 8 eta 9 urte bitarteko haur sahararrak udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizi daitezen sustatzen du.
Egonaldi horietan zehar umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzen dira (itzalean 50° arte heltzen diren tenperaturak), hazten ari diren adin honetan lagunduko dituen elikadura egokia jasotzen dute, azterketa medikuak egiten dituzte eta euskal kultura eta saharar kulturen arteko lotura sustatzen dute.
Euskal Herrian egindako egonaldien ondoren, haur horiek bi familia dituztela diote: bat Saharan eta bestea Euskal Herrian.