Tortilla Irundarrak nazioarteko lehiaketaren bigarren edizioa izango du aurtengo jaietan

  • Tortilla Irundarraren II. Nazioarteko Lehiaketa
  • Ekainaren 15ean, igandean
  • 20 partehartzailerentzako lekua
Argazkia: Iazko lehiaketa. Iturria: Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea.

San Pedro eta San Martzial jaien egitaraua ekitaldiz gainezka dago,  ekaineko azken asteetan zehar, batez ere. Horietako asko hiriko elkarteen lanari esker antolatuak dira. Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak iaz erabaki zuen hiriko jaietan ekarpena egitea. Gauzak horrela, aurten Tortilla Irundarraren bigarren edizioa antolatuko dute. Junkal Susperregui elkarteko kideak aurreratu duenez, ekainaren 15ean egingo da aurtengoa. 

Nolatan bururatu zitzaizuen auzo elkarteak Tortilla Irundarraren lehiaketa antolatzea?

Tortilla Irundarra kontzeptu bezala ezaguna da. Anaka Kofradiak erabiltzen du eta errezeta zabaltzeaz arduratu dira. Guk pixka bat haratago joan nahi genuen eta errezeta honen inguruko informazioa bilatu nahi genuen. Badakigu sukaldari batek, Ignacio Domenechek, “La Cocina Vasca” izenburuko liburuan, tortilla honen errezeta bat ezagutzera eman zuela, “tortilla irunesa” izenarekin. Bestetik, Urdanibia plazan Irureta izeneko jatetxe bat zegoen eta bertako tortilla berezia omen zen, “Tortilla Irureta” izenez ezaguna. Dena den, ezin ditugu nahastu Irureta Tortilla eta Tortilla Irundarra. Beraz, denboran atzera egin eta iraganeko errezeta horiek berreskuratu nahian, aproposa iruditu zitzaigun lehiaketa bat antolatzea. Hemen inguruan sukaldaritza lehiaketak oso ezagunak dira eta arrakasta handia izan ohi dute. Horregatik iruditu zitzaigun ideia ona Tortilla Irundarraren lehiaketa egitea.

“Hemen inguruan sukaldaritza lehiaketak oso ezagunak dira eta arrakasta handia izan ohi dute”

Iazkoa lehiaketa honen lehen edizioa izan zen, Irungo jaien erdian antolatu zenutena. Lehena izan arren, arrakastatsua izan zen?

Bai, ez dakigu zer gertatzen den Irunen sukaldaritzarekin lotura duten kontuekin, baina arrakasta itzela izan ohi dute. Horren adibide dira ere San Pedro eta San Martzial jaien barnean antolatzen den bakailao lehiaketa edo urtean zehar bestelako jaietan antolatzen diren tortilla lehiaketak. Oso ekitaldi arrakastatsuak izan ohi dira eta jende askok parte hartu ohi du horietan. Guk ere horrelako zerbait antolatzea probatu nahi genuen eta, egia esan, jendeak oso ondo erantzun du. Hori dela eta, aurten lehiaketaren bigarren edizioa antolatu nahi izan dugu.

“Hasteko, askok uste dezaketenaren kontra, Tortilla Irundarrak ez darama patatarik”

Aipagarria da lehen edizioa izan arren, lehiaketa oraindik ezaguna ez zenean, iazkoak izan zuen harrera ona.

Hori da. Gainera, kontuan izan behar da horrelako lehiaketa bat antolatzeko atzetik ikusten ez den lan asko dagoela. Izan ere, honelako ekitaldi bat antolatzeko lehiaketa erregistratu egin behar duzu lehenengo. Horretaz gain, udaletxean baimenak eskatu behar dira, besteak beste, lehiaketa egin nahi duzun egun horretan plaza erabili ahal izateko. Jaien erdian egiten den lehiaketa bat izanda, egia da dena  ez dela guztiz erraza. Izapideak asko eta askotan konplexuak izan arren, ilusioz prestatzen dugun zerbait denez, gogoak edozein traba gainditzen du.

Tortilla Irundarraren kasuan, patata tortillarekin ez bezala, baliteke osagaiak apur bat ezezagunak izatea. Zeintzuk dira zehazki errezeta egiteko erabili beharrekoak?

Hasteko, askok uste dezaketenaren kontra, Tortilla Irundarrak ez darama patatarik. Uste dut aurreko urteko lehiaketan hor nonbait patata erabili zuen baten bat ikusi zutela, baina ez, patata ez da osagaietako bat. Aitzitik, Tortilla Irundarraren osagaiak honako hauek dira: arrautzak, Baionako urdaiazpikoa, onddoak edo perretxikoak, perrexila, piper gorria eta gatza. Berez ez du tipularik, nahiz eta Anaka Kofradiak bere tortillan bai erabili, gureak ez darama. Bestalde, olioa erabili beharrean txerri gantza erabiltzen da.

Lehiaketarako aukeratutako errezeta berezia da, baita lehiaketa bera ere, nazioarteko lehiaketa baita.

Tortilla Irundarraren lehiaketa nazioarteko egin nahi izan genuen, azken batean, Hendaia hemen ondoan dugunez edo agian beste nonbaitetik, Espainiatik edo, parte hartzaileren bat animatuko zelako bertan parte hartzera. Hasieran esandako moduan, iazko lehiaketara jende asko hurbildu zen, bai bertan parte hartzeko zein sukaldariak lehian ikustera. Guztira, 20 tortilla egin ahal izateko postuak prestatu ziren eta 16 edo 17 egin zirela azkenean. Hala ere, lehiaketaren lehen urtea izateko oso datu onak direla uste dugu, erdia baino gehiago bete genuelako.

Bigarrengo honetan berrikuntzarik gehitu edo antolaketan zerbait aldatu duzue?

Printzipioz, aurreko urtekoaren lerro beretik jarraituko dugu. Epaimahaia, bai, ziurrenik aldatuko da, baina gainontzekoan, lehiaketaren oinarriak eta antolaketa bere horretan mantenduko ditugu.

Iturria: Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea.

Parte-hartzaile berrien zalantzak argitzeko, zer da etxetik eraman beharrekoa eta zuek bertan emango duzuena?

Mahaiak udaletxeak jarriko ditu. Gainontzeko gauza guztiak, bai osagaiak eta baita sukaldatzeko erabili beharreko tresna guztiak ere partaideek ekarri beharko dituzte.

Xehetasunei dagokienez, noiz eta non egingo da aurtengo lehiaketa?

Lehiaketa San Juan plazan izango da. Ekainaren 15ean, igandean, egingo da, goizeko 11:00etan hasita eta 13:00ak bitarte. Lehiaketan parte hartzeko izen-ematea irekita dago jada eta ekainaren 8an gaueko 20:00etan itxiko da ziurrenik izena emateko aukera. Izena ematen duten lehenengo 20 pertsonek lekua izango dute eta gainontzekoak erreserben zerrendara pasako dira badaezpada, lekurik libratzen bada. Izena emateko elkartearen helbide elektronikora, aldezaharrasanjuan@gmail.com, mezu bat bidali behar da parte hartzailearen datu guztiekin. Aldaketarik balego, gure sare sozialen bidez iragarriko dugu informazio eguneratua.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen kontsultatu dezakezue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude