Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Txingudiko Zerbitzuek bat egin dute Ekoetxeak, Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irun elkarteen laguntzarekin, antolatutako garbiketa kolektiboarekin. Garbiketa-eguna datorren larunbatean, ekainaren 8an, izango da, eta Irungo Meaka auzoko inguruak garbituko dituzte: Ibarlako zonalde bat eta Arbes auzotik hasi eta La Juanita aurreko haur-parkeraino.
Jardueran bildutako hondakinak eremu horretan dauden birziklatzeko lau irlatxoetan botako dira. Bilketa eraginkorra ziurtatzeko, Txingudiko Zerbitzuak aldez aurretik edukiontzi horiek guztiak husteaz arduratuko da.
Txinzerretik gogoratu dutenez, “mundu jasangarriago baten alde borrokatzea eta gure hiriak garbi mantentzea guztion erantzukizuna da”. Horregatik, Txingudiko Zerbitzuetatik bakoitzak bere aletxoa jarri eta ekimenarekin bat egitea eskatu dute: “Lagundu ingurumen jasangarriago bat eraikitzen!”.



