Urdanibia Berriko Haurtxokoak urriaren 21ean irekiko ditu ateak

Irungo Udaleko Gazteria arloak, GazteARTEanek, jakinarazi du hiriko Haurtxoko berriak urriaren 21ean irekiko dituela ateak Uztarri Ona auzo-elkartean, Urdanibia Berri auzoko Eihera plazan. Urtarrilaren 2ra arte egongo da martxan Haurtxokoa, eta Palmera Monteron, Lapitzen, Katean, Erdialdean eta San Migel auzoan dauden udal-sareko bost haurtxokoei gehituko zaie.

Ekimen hau Gazteria arloak dituen helburuen esparruan dago, helburuetako bat baita Irungo haur eta nerabeentzako hezkuntzarako eta aisialdirako udal-ekipamenduen estaldura zabaltzea eta kualifikatzea, batez ere haurrei eta haien familiei zuzendutako udal-zerbitzuen defizita duten hiriko guneetan. Haurtxoko horrek, ekipamendu-mota horri dagozkion funtzioak aldi baterako garatzeaz gain, Urdanibia Berri auzoan eta inguruan egon daitekeen eskaria detektatu ahal izango du.

Urdanibia Berriko haurtxokoa 4 urtetik 8 urtera bitarteko haurrentzako da, eta haurrentzako gainerako ekipamenduak bezala, sormena sustatzen duten proposamen estimulatzaile, hezigarri eta, batez ere, dibertigarriz osatutako programa bat eskaintzen du, txikiek abilezia sozial, kultural eta artistikoak gara ditzaten. Horretarako, nolanahiko tailerrak eta jarduerak antolatuko dira, baita familia osoarentzako proposamenak ere, Familia ta Lagun programaren bidez. Era berean, zerbitzuak sormen-lantegiak izango ditu larunbat goizetan. Aurrerago emango da horren berri. Informazio praktikoa eta izen-ematea Urdanibia Berri Haurtxokoa 2024ko urriaren 21etik 2025eko urtarrilaren 2ra egongo da zabalik.

Izen-ematea eskainitako bi txandetako batean egin ahal izango da. Lehena, astelehen eta asteazkenetan 4 eta 8 urteko haurrentzat 17:00etik 19:00era. Bigarrena, astearte eta ostegunetan 4 eta 8 urtekoentzat 17:00etik 19:00era.

12 toki eskainiko dira txanda bakoitzean. Tarifak Ikasturterako kuota orokorra 13,53 euro izango da, eta bizikidetza-unitate bereko anai-arreben kasuan, 7,45 euro bakoitzeko, bigarrenetik aurrera. Gainera, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten edo antzeko egoeran dauden bizikidetza-unitateetako haurrek kuota orokorraren % 90eko hobaria izango dute. Zerbitzua ikastaro osora zabaltzen bada, ordaindu ez den zatia ordaindu beharko dute erabiltzaileek.

Izen-ematea

Hala nahi duten familiek Urdanibia Berriko haurtxokoan eman ahal izango dute izena irailaren 25etik aurrera:

  • Behin-behineko izen ematea: Irailaren 25etik urriaren 1era.
  • Behin-behineko zerrendak: Urriaren 3an.
  • Erreklamazioak: Urriaren 3tik 7ra.
  • Behin betiko zerrendak: Urriaren 8an.
  • Zozketa: Urriaren 9an.
  • Zozketako emaitzak argitaratzea: Urriaren 10ean.
  • Behin betiko izen emateak: Urriaren 11tik 17ra.

Izena ematea egoitza elektronikoaren bidez, sac.irun.org helbidean, HAZeko bulegoetan aurrez aurre edo Udalaren autozerbitzu-terminaletan egin ahalko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude