Urriaren 5ean bigarren eskuko objektuen urteko azken azoka egingo da Zabaltza plazan

Joan den asteko mugikortasun Merka2dasoa arrakastatsuaren ondoren, datorren larunbatean, urriaren 5ean, Irungo Zabaltza plazan urteko bigarren eskuko objektuen azken azoka egingo da. 10:00etatik 14:00etara, gerturatzen diren hiritarrek aukera izango dute egoera onean dauden askotariko artikuluak erosteko: kirol-materiala, arropa, poltsak, jostailuak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, antigoaleko gauzak, etab.

Izen-emateak zabalik

Salmenta postu bat jarri nahi dutenek irailaren 30 aurretik eman beharko dute izena txinzer.eus web orrian eskuragarri dagoen formularioaren bidez. Postu partikularrez gain, merkatuak gordailuan saltzeko espazio bat izango du, eta bertan postu propiorik ez dutenek beren objektuak uzteko aukera izango dute, antolakuntzak sal ditzan.

Hondakinak murriztea helburu

Merka2dasoa merkatu bat izatetik haratago doa. Izan ere, ekimenaren helburu nagusia hondakinak murriztea eta jada erabiltzen ez diren objektuen bizitza luzatzea da. “Aukera bikaina da herritarrak beste modu batean sentsibilizatzeko eta, aldi berean, ohitura jasangarriak sustatzeko”, aipatu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen gerenteak. “Herritar guztiak animatu nahi ditut merkatura gerturatu daitezen eta goiz zoragarri bat pasa dezaten, objektuei bigarren aukera bat eman eta etorkizun jasangarriago baten alde egiten duten bitartean”. Zubiturrek murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen garrantzia azpimarratu du: “Merka2dasoa aukera ezin hobea da balio horiek martxan jartzeko eta gure ingurunea zaintzen laguntzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude