Hilaren 29tik aurrera bisitatu ahalko da, ‘Zanpantzarren figura denboran zehar’ erakusketa Amaia KZan. Inaugurazio ekitaldia arratsaldeko 19:00etan egingo da eta bertan 2026ko Zanpantzarraren aurkezpena egingo da. Aurtengo Zanpantzarra Xabier Garate eta Rubén Platero artisauek diseinatu eta egin dute. Udaleko Kulturako ordezkari Nuria Alzagak eta Bidasoako Erraldoiak konpartsako presidentea den José Irigoyenek gaur goizean prentsaurrekoa eman dute erakusketaren eta antolatutako jarduera osagarrien inguruko azalpenak emateko.
Nuria Alzagak erakusketaren garrantzia nabarmendu du, 2026ko inauteriei hasiera emango baitie: “Irunen gogoa inauterietan dago jadanik, eta erakusketa hau gertatzear dagoen guztiaren abiapuntua da. Zanpantzar hiriaren memoria kolektiboaren parte da, eta, erakusketari esker, haren bilakaera ikus dezakegu, eta ulertu nola herriaren espresio bat hazi eta eraldatu egiten den eta garenaren parte izaten segitzen duen. Irungo Udalak kultura irisgarria eta denona izan dadin lanean jarraitzen du, belaunaldiak lotu ditzan, eta, erakusketa honen bidez, kultur espresio honi hamarkadetan eutsi dioten guztiak omendu nahi ditugu: elkarteak, artisauak, familiak eta boluntarioak. Azken batean, Zanpantzar ez da irudi hutsa: gaurko haurrak eta atzoko Irun konektatzen dituen sinbolo bat da”.
Zanpantzarren buruek, kartelek, miniaturako erreplikek eta Zanpantzarren historia eta bilakaera sakon ezagutzeko beste material eta elementu batzuek osatzen dute erakusketa, eta 2018koaren jarraipena da, azken hamar urteetako material eta diseinuak eta urteotako bideo batekin osatua.
Erakusketaren jarduera osagarriak
Erakusketaz gain, bisita gidatuak eta haurrentzako jarduerak antolatu dira ere. Ekintza horietan izena emateko, irunkultura@irun.org helbide elektronikora idatzi behar da, eta parte hartzaileen izen-abizenak eta telefono bat eman. Adingabeek jarduera bakarrean eman ahalko dute izena, nahi duten haur guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Dena den, inauterietako asteburuan , otsailaren 13tik 15era, ez da erakusketarekin loturiko jarduerarik izango.
Urtarrilaren 31n, larunbatean, 10:00etatik 11:30era Galtzagorrien dantza tailerra egingo da, 6-9 urteko haurrentzat, 16 parte hartzailerekin gehienez. Egun horretan bertan, gaztelaniazko bisita gidatua egingo da, gehienez 20 parte-hartzailerekin.
Otsailaren 1ean, igandea, 11:30etik 12:30era Galtzagorrien dantza tailerra egingo da, 6-9 urteko haurrentzako, aurreko tailerrean bezala, gehienez 16 parte hartzailerekin. Goiz berean baina, 12:45etik 13:30era Erraldoien irudiak pintatzeko tailerra izango da 4 eta 8 urte arteko haurrentzat, gehienez 16 parte hartzaile onartuko direlarik.
Otsailaren 6an, ostiralean, 18:00etatik 19:00etara Galtzagorrien dantza tailerraz gozatuko dute 6 eta 9 urte arteko 16 haurrek gehienez. 19:45etik 20:45era euskarazko bisita gidatua eskainiko da gehienez 20 parte hartzailerentzat. 6-9 urteko haurrentzat –hamasei parte hartzaile onartuko dira gehienez.
Otsailaren 7an, larunbatean, aurpegiak margotzeko tailerra izango da 10:00etatik 12:00etara 3 eta 9 urte arteko haurrentzat, gehienez, 16 parte-hartzailerentzat.
Azken jarduerak otsailaren 8an, igandean, egingo dira. Lehenik, 11:30etik 12:30era erraldoien irudiak pintatzeko tailerrarekin, 4 eta 8 urte arteko haurrentzat, gehienez 16 kiderekin. 12:45etik 13:15era “Fabrikatu zure Zanpantzar etxean” lehiaketako aurkezpena eta sari banaketa egingo dira eta 25 parte hartzaile onartuko dira gehienez bertan.



