Zaisa Txingudik Atletico San Sebastianen aurka jokatuko du Euskadiko Ohorezko mailarako igoera

Donostiako errugbi talde historikoa izango da Txingudik Euskal ligako Ohorezko mailara itzultzeko izango duen azkenengo oztopoa. Ez da kanporaketa erraza izango Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren mutilentzat, donostiarrek aurkari xamurra ez direla erakutsi dute ligan, bigarren faseko zortzi partidetan hiru garaipen eta berdinketa bat lortuz. Bi taldeen arteko azkenengo partida denboraldiaurrean jokatu zen, Plaiaundin; norgehiagoka horretan hain handia izan zen jokalarien arteko berdintasuna markagailuak hutsean amaitu zuela.

Camarerok azpimarratu duenez “kanporaketa oso zaila izango dela badakigu eta presioa ondo kudeatzea ezinbestekoa izango da. Denboraldi honetan argi ikusi dugu zer gertatzen zaigun kontzentrazioa galtzen dugunean eta Atleticok ez digu horrelako akatsik barkatuko”.

Play offeko lehenengo partida Plaiaundin jokatuko dute, apirilaren 22an 17:00etatik aurrera, eta itzulia Hernaniko Landare zelaian izango da bi aste geroago, maiatzaren 6an. Tartean, apirilaren 29an, bidasoarrek INEF Lleida taldearen aurka lagunarteko bat jokatuko dute, talde katalana eskualdetik ibiliko baita data horretan.

Dena prest Irungo Rugby Egunerako

Egun hauetan aditzera eman dutenez, apirilaren 15ean Txingudik Irungo Errugbi Eguna antolatuko du goiz eta arratsaldeko egitarau ezberdinekin. Azken ukituak ematen ari dira bai Plaiaundin, bai Irungo erdigunean, errugbiaren jaialdi handia ahalik eta hoberen antolatu ahal izateko.

400 bat pertsona elkartuko dira eskualdeko errugbi zelaian “Txingudi Badia” eskolen nazioarteko topaketarako.

Sub 16en partida, atzeratua

Apirilaren 15ean, larunbata, Txingudiren 16 urtez azpiko taldearen eta Uribealdearen artean jokatu behar zen partida 22 larunbatera atzeratu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude