Asteburu erabakigarria Zaisa Txingudirentzat

Gizonezkoen senior taldeak puntu bakarra lortu behar du etxetik urrun igoera play-offera sailkatzeko, emakumezkoen taldeak etxean jasoko dute Sarako Izarra eta sub 14, 16 eta 18ek norgehiagokak ere izango dituzte.

Iritsi zaie denboraldiaren amaiera Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren mutilei eta Euskal Ligako Ohorezko Mailara bueltatzeko aukerak dituzte oraindik. Bilbon jokatuko dute Nerbioi-UBR taldearen aurka, Errekaldeko zelaian, larunbatean 15:30etatik aurrera. Mugakoek puntu bakarra lortu behar dute sailkapeneko bigarren postua matematikoki lortu eta, ondorioz, igoera play-offera sailkatzeko. Aurrean izango dute taldea, Amurrioko Nerbioi, aurten Universitario Bilbaoren hirugarren taldea da eta bilbotarrekin entrenamenduak eta ezagutzak partekatzeak are gehiago zailtzen du haien aurka jokatzeko prestaketa.

Norgehiagoka honetarako, gutxienez, arrazoi ezberdinengatik bost baja izango dituzte ahariaren taldean; Xabi Sánchez, Alberto Robleda, Carlos Pérez, Asier González eta Ioritz Franco.

Liga amaitu ondoren, Euskadiko federazioaren berrien zain geldituko dira, ligen arteko mugimenduak goiko txapelketetan egongo diren igoera eta jaitsieren baitan emango baitira. Dena den, bigarren sailkatuak, gutxienez, play-offa jokatuko duela ziurtatuta dago eta hori lortu nahi dute mugakoek.

Emakumezkoen taldea, etxean lehen aldiz

Txingudiren emakumezkoen taldeak bere hirugarren lagunartekoa jokatuko du, oraingoan Plaiaundin, Sarako Izarraren aurka. Lapurdiko taldeak aurten egin du debuta Euskal Ligako Ohorezko B mailan eta ez du lan makala egin; 6 partida irabazi eta 2 galdu ostean, bigarren amaitu dute liga Getxoren bigarren taldearen atzetik.

Maider Aizpuruak eta Asun Gamíndezek 18 jokalari izango dituzte prest larunbaterako, Lupe Pescador, Claudia Barbero eta June Lastra lesionatuak eta Helene Tristán, Aitana Garrido eta Maider Díaz, sub 14 eta sub 16 taldeekin hitzorduak dituztenak, botako dituzte faltan.

Txuri-beltzak ikasten jarraitu nahi dute taldea sendotzeko eta liga jokatuko duen talde bat osatzeko helburua bilatzen jarraituz. Partida larunbatean, 15:00etatik aurrera, Plaiaundiko zelaian jokatuko da.

Sub 14, sub 16 eta sub 18 taldeak Plaiaunditik urrun arituko dira larunbatean

Txingudi Rugby Taldearen gazteek hainbat konpromiso izango dituzte etxetik kanpo larunbatean. Martxa hartuko duten lehenengoak sub 14ak izango dira Eibarren bertako taldeak, Arrasatek eta Mutrikuk osatutako taldearen aurka. Koldo Alonso eta “Peiko” Pardoren neska-mutilak lan txukuna egiten ari dira Gipuzkoako txapelketan eta ildo horretan jarraitu nahi dute.

Sub 16 eta sub 18ek, aldiz, ordu berean jokatuko dute Elorrion eta Arrasaten, hurrenez hurren. Sub 16ak lehia bizi izango dute bizkaitarren aurka, bi taldeen artean 4 puntuko aldea baino ez dago sailkapenean eta joaneko partida joan-etorri ugari izan zituen. Orduan, garaipena Irunen geratu zen, baina oraingoan aukerak zabalik daude.

Bitartean, sub 18ko mutilek Arrasate bisitatuko dute ligako azkenengo jardunaldian Danon Arteanen aurka jokatzeko. Debagoieneko taldea sailkapenean aurretik dago Txingudi/Uribealdea baino bi puntu gehiagorekin. Aparteko aukera izango dute denboraldiari aparteko amaiera emateko.

Helene Tristán eta Maider Díez, Gipuzkoako selekzioarekin

Pasa den asteburuan, Txingudiko bi jokalariek Gipuzkoako sub 15 selekzioarekin Senperen izan ziren Laguntasunaren XI. Txapelketa jokatzen. Bertan, B multzoan hirugarren sailkatzea lortu zuten Pirinio Atlantikoetako, Landetako, Girondako, Lot eta Garonako, Itsas Charenteko eta Nafarroako taldeen aurka partida bana jokatu ondoren. A multzoan, Frantziako beste 6 departamentuetako eta Arabako taldeak elkarren artean jokatu zuten.

Tristán eta Díez lan polita egin zuten joko zabaltzaile eta aurrelari bezala, hurrenez hurren.

Eki Fanlo, Munduko serieetan berriz ere

Irungo epaileak Munduko Rugby Batasuneko deia jaso du datorren asteburuan Hong Kongen jokatu den Munduko Zazpiko Serieetako txapelketan arbitratzeko. Ohikoa bihurtzen ari da Fanlo goi-mailako txapelketa hauetan ikustea eta eskualdeko errugbi taldeak desio onenak eta zorionik estuenak bidali nahi izan dizkio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude