Zaisa Txingudik larunbatean, urtarrilare 11n, izango du urte berriko lehen hitzordua. Iruñako La Unicaren bigarren taldearen aurka lehiatuko dira Plaiaundin. Partidua arratsaldeko 16:00etan izango da. Beraz, ligako lehenengo itzulia etxean amaituko dute Iñigo Camarero Taus eta Leire Muñoz Caok zuzendutako mutilek.
Pasa den urtea garaipen landu batekin itxi ondoren, taldeak merezitako atsedena hartu du Gabonetan eta prest dago jada zelaira itzultzeko. Lesionatuta zeuden jokalarien gehiengoa errekuperatu ahal izango dute, baina faltan botatzen jarraituko dituzte Iñaki Lantxo edo Keoma Pacheco, besteak beste.
Iruindarrak sailkapeneko laugarrenak dira eta goiko postuetan amaitzeko helburua dute aurten. Bidasoarrek, aldiz, azken postuetatik urruntzeko lan egiten jarraitzen dute eta 8 punturekin azken aurreko postuan daude.
Emakumezkoen errugbiari bultzada
Txingudi Errugbi Klubak larunbat honetan, Donostiako Aiete rugby-zelaian, emakumezkoen errugbia sustatzeko martxan jarritako modalitate berrian hartuko du parte. Bost jokalarirekin eta plakajeak mugatuz, Gipuzkoa eta Euskadiko federazioek errugbia ezagutzen ez duten edo kirolarekin lehenengo kontaktuak izan dituzten 12 urtetik aurrerako neskak errugbia probatzeko animatu nahi dituzte.
Txingudik talde honi espazio propioa eman nahi izan dio eta entrenamendu espezifikoak antolatzen hasi da ostiralero 17:00etatik aurrera. Klubetik, neska gazte zein heldu guztiak gonbidatzen dituzte gerturatu eta probatzera.



