Ostegun honetan, azaroak 6, “Zure abenturaren bila” programaren barruko beste saio bat egingo da, Amaia KZn: Maider Otaola López eta Ainhoa Ugarte Zuloaga izango dira protagonistak, “Bidaia handi baten hasiera” izenburuko saioan. Hitzordua 19:30ean izango da, Amaia KZko hitzaldi aretoan, euskaraz. Sarrera doakoa izango da, eta ikusleak aretoa bete artean sartu ahalko dira.
Gonbidatuek Erdialdeko Amerikako hainbat herrialdetan barrena egindako bidaia bat kontatuko dute, haien esanetan “bizitza aldatu zien bidaia batean” bizi izandako abentura eta desbenturak. Saioak 60 bat minutu iraungo du, eta, ondoren, solasaldi bat izango da.
“Zure abenturaren bila”
“Zure abenturaren bila” bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak kontatzen dituzten (azken batean, bidaiatzeko zaletasuna), abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu izan dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, planetako mendirik garaienetara eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoetan egindako irteerak.



