2024ko aisialdi eta kultur agenda osatuko duten lehen ekintzak aurkeztu dira gaur

2024. urtea ate joka dugun honetan, gaur Amaia KZn emandako prentsaurreko batean, Irungo Udaleko Kulturako ordezkari Nuria Alzagak 2024ko urtarriletik maiatzera bitarteko agendaren barruan handiek zein txikiek kulturaz eta aisialdiaz Irunen bertan gozatzeko programatutako jarduera nagusietako batzuk aurkeztu ditu.

Agenda berezia eta erakargarria, udalerrian tradizio handia duten jarduerak zein proposamen berriak hartzen dituena barnean, hala nola, batetik, Ricardo Requejo ganbera zikloa, DokuIrun programa (zinema dokumentala) eta Zure Abenturaren Bila bidaia programa eta, bestetik, Ara Malikian biolinista libanoarrak urtarrilaren 19an emango dituen bi kontzertuak, Rosario Mohedano eta Felipe Garpek Irun Hiria Musika Bandarekin batera urtarrilaren 27an egingo duten emanaldia (Eterno bolero) eta Álex Ubago kantautoreak otsailaren 3an emango duen kontzertua.

Kulturako ordezkariak adierazi duenez, “oraindik baditugu ezagutarazi ezin ditugun sorpresa asko, baina zera aurreratu dezakegu: Kultura Arloak inoiz baino agenda bereziagoa prestatu du, hirian oso ezagunak diren jarduerei eusteaz gain beste ikus-entzule mota batzuk erakarri nahi dituena”.  

Ildo horretatik, ordezkariak arreta berezia jarri du haur eta gazteentzako proposamenetan: “Gure erronka nagusietako bat gazteak kulturan ohitzea eta haien artean kultura sustatzea da, eta, horretarako, formatu berriak planteatu eta proposamen berriak egingo ditugu, haur eta gazteak erakartzeko eta haiekin konektatzeko, hala nola Go!azen ikuskizuna, Calladitas estáis más guapas showa eta udako auto zinema.

Hiriak kultura herritarren bizitzaren erdian eta herritarrak, artista eta sortzaileekin batera, hiriko kultur bizitzaren erdian kokatzeko egiten duen apustuaren adierazgarrietako batzuk dira ekimen horiek”.

Nobedadeak

Kulturako ordezkariak etapa berri honen nobedade batzuk iragarri ditu, programazioaz harago doazenak.

Batetik, Erdialdeko haurtxokoan, ludoteka zerbitzu berri bat izango da, gurasoek kontzertuez, antzerkiaz, bakarrizketez… gozatu ahal izateko haurrak haur txokoan zainduak diren jakitun, lasai.

Bestetik, herritarren eta gonbidatuen arteko topaketak egingo dira Amaia KZn, giro lasai batean berriketaldiak izateko foro bat.

“Kontzientziak astintzen” dituen agenda

Kulturako ordezkariak kultur eta aisialdi arloko agendak “kontzientziak astindu” behar dituela aldarrikatu du, programazioak gizartearen errealitatearekin konprometituta egon behar duela eta proposamenek feminismoaren eta aniztasun sexualaren inguruko gaiak landu behar dituztela besteak beste. Ildo horretatik, martxoko agendaren ardatza emakumeak izango dira: adibidez, DokuIrun programaren saio berezi bat emakumezko zinemagileei buruzkoa izango da.

Gozamenaren kultura

Hitzordu bikainez betetako agenda bat, ordezkariaren hitzetan adin guztietako jendeari “dibertsioa eta entretenimendua” eskainiko diona: “Kulturaz gozatzeko irrikaz gaude, eta kontsumoa da horren adierazgarri”. Horren lekuko, Amaia KZn, 35.000 ikus-entzule bildu dira aurten; 2022an, berriz, 17.900 inguru.

Sarrerak, salgai

Sarrerak gaur jarri dira salgai, 15.00etatik aurrera, Amaia KZren webgunearen eta Irungo turismo bulegoan bidez.

Hona hemen 2024ko kultur arloko eta aisialdiko hitzordu batzuk –gainontzekoen berri 2024an zehar emango da–:

2024ko urtarrila-maiatza

Helduentzako proposamenak

– Ara Malikian. Urtarrilaren 19an, 19:00etan eta 22:00etan, Amaia KZn

– Rosario Mohedano eta Felipe Garpe, Irun Hiria Musika Bandarekin batera: Eterno bolero. Urtarrilaren 27an, 19:00etan, Amaia KZn

– Álex Ubago: 20 años. Otsailaren 3an, 20:30ean, Amaia KZn

– Calladitas estáis más guapas ikuskizuna. Martxoaren 1ean, 20:00etan, Amaia KZn

-Inma Serrano, Mercedes Ferrer, Ainhoa Cantalapiedra, Lara, Marta Soto eta Aurora Beltrán: Y la música se hizo mujer. Martxoaren 9an, 19:30ean, Amaia KZn

– Emakumezko zinemagileei buruzko DokuIrun saio berezia: A pulmón. Mujeres cineastas. Martxoaren 17an, 19:00etan, Amaia KZn

– Golden Apple Quartet: Vamos que nos vamos. Apirilaren 13an, 20:00etan, Amaia KZn

– Andrés Barrios. Apirilaren 20an, 20:00etan, Amaia KZn.

Haurrentzako proposamenak

– Haurrentzako antzerkia, Teatro Paraíso konpainiaren eskutik: Kutxartean. Urtarrilaren 20an, 17:30ean, Amaia KZn

– Musikala: Reino del león.Martxoaren 2an, 17:30ean, Amaia KZn

– Proiekzioa: Go!azen 10.0. Otsailaren 25ean, 17:00etan, Amaia KZn

2024ko ekaina-abuztua

– Auto zinema Ficoban, zuzeneko musika akonpainamenduarekin: Grease. Uztailaren 20an.

– 1970eko kontzertu berezia: Skola Musik eta IGA Abesbatza (Udako hilabeteetan).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude