Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako ordezkariak agerraldia egin du Santiagoko bidegorriaren ondoan Ribera beken eta artistentzako laguntzen proiektu irabazleak iragartzeko. Ordezkariarekin batera, bertan izan dira beka horien irabazle suertatu diren pertsonak.
Aurten, Ribera bekaren irabazle izan dira Ainhoa Resano Melado eta Miren Tirapu Goikoetxea, «Urak daramana. Bidasoko Emakumeen Memoriak» proiektuagatik, eta Arkaitz Saiz-Calderon Sagarzazu eta Raquel Pérez Madrigal (ARKAMEYERS kolektiboa), «Relatos del Nuevo Hogar» lanagatik. Artistentzako laguntzetarako, aldiz, Eszter Katalin eta Camila Téllezen «Landare-filma. Película Planta» eta Mikel Otxoteko eta Carlos Ndungmandumen «Algueras en el Cruce» proiektuak hautatu dituzte.
Kulturako ordezkariak aurtengo irabazleak zoriondu ditu eta, gogora ekarri duenez, «Ribera bekak gisa honetako bakarrak dira gure lurraldean eta aitzindari izan ziren 2016an sortu zirenean, hain zuzen ere tandemean lan egiteko planteamenduagatik eta antropologia eta artea diziplinak uztartzearen aldeko apustuagatik».
Aurreneko ediziotik hona, Ribera beken esparruan gauzatu diren proiektuek zenbait istorio eta esperientzia ezagutzera emateko balio izan dute. Zenbaitetan, familia barruan baino ez ziren ezagutzen kontu horiek, eta balio erantsi du, gainera, arte garaikidearen diziplinen bidez zabaltzea.
Askotariko emaitza artistikoak erabili dira, hala nola zapalduen antzerkia, ikus-entzunezkoak, eskultura edo performancea, bai eta askotariko ikerketak gizarteratu ere, hala nola 1993ko mugaren desagerpena, Irungo soinu-memoria (sehaska-kanten bidez), edota Bidasoko memoria emozionala.
Artistentzako laguntzei dagokienez, esparru irekiago bat aurkezten dute, kasu horretan guztiz librea baita proiektuen gaia.
Aurten, alabaina, deialdiko epaimahaiak hautatutako proiektuetako batek, «Algueras en el cruce»k hain zuzen, badu antzekotasunik Ribera bekarako aukeratutakoekin. Izan ere, egileek berek azalduko duten moduan, ibaiari lotutako jarduera baten memoria berreskuratzea da asmoa.
Bi deialdiak Kultura arloaren lan-ildoaren barruan kokatzen dira, sorkuntza eta arte garaikidea bultzatu eta babesteko eta herritarrengana hurbiltzeko. Ildo horretan, ordezkariak honako hau adierazi zuen: “Sortu zenetik gaur arte, bi laguntzak sendotzea eta artearen munduan presentzia handiagoa izatea lortu dute”.
Ribera bekak
Ribera beken helburua Bidasoa ibaiari eta memoria historiko eta muga kontzeptuei buruzko ikerketa- eta ekintza-proiektu bat garatzea da. Proiektuek badute ezaugarri bat: tandem formatuan lantzen dira, profil desberdinak konbinatuta, artearen esparrukoa bata eta ikerketaren esparrukoa bestea. Aurten 11 proposamen jaso ziren guztira. Irabazleek bederatzi hilabeteko epea dute proiektua garatzeko. Bi beka ematen dira, 9.000 €-koa bakoitza.
- Proiektua: Urak darama. Bidasoko emakumeen memoriak
Egileak: Ainhoa Resano Melado eta Miren Tirapu Goikoetxea
Zertan datza proiektua?: Bidasoa ibaiak bi lurralde banatzen ditu, Irun eta Hendaia, eta ibaiertzean harilkatuta daude denborak eta historiak isilarazitako emakumeen oroitzapenak. Idatzi gabeko historiaren zaindari dira familiako albumak gordetzen dituzten emakumeen azken belaunaldia, eta hauek eta muga inguruko urek gidatuko gaituzten jarauntsitako eta ezkutatutako istorioak ezagutzera emateko egitekoan.
Ainhoa Resano Melado
Artista bisuala, ikus-entzunezko komunikazioko gradua eta egile-argazkilaritza garaikideko masterra egin ditu. Bere proiektuen ardatza da nortasuna zalantzan jartzea, genero-ikuspegia baliatuta. 2016tik, ELLAS proiektuan murgilduta dabil: diziplinarteko proiektu bat da, emakumeen bizitzaren istorioak erakutsi eta ezagutarazi nahi dituena, etxeko argazkiak eta emakumeen beren kontakizunak erabilita.
Miren Tirapu
Antropologoa, sortzailea eta kultur kudeatzailea, Antropologia sozial eta kulturaleko gradua, Kultur kudeaketako masterrak eta azterlan zinematografikoetako lizentziatura ikasi ditu. Bere sorkuntzetan jakintza antropologikoak izaten ditu inspirazio-iturri, eta artearen eta antropologiaren arteko sinergia aztertzen du.
- Proiektua: Relatos del nuevo hogar
Egileak: Arkaitz Saiz-Calderon Sagarzazu eta Raquel Pérez Madrigal
Zertan datza proiektua?: Proiektu honek XX. mendearen 40ko hamarkadaren amaieratik 70eko hamarkadaren erdialdera doan tartea aztertzen du, hau da, Irunera barnealdeko migratzaile ugari etorri ziren garaia, fabriketan lan egiteko, hala nola Palmera, Porcelanas Bidasoa, Coches Cama, Aduanas, Montero, Elgorriaga, Sancheski, Recondo edo CAF.
A R K A M E Y E R S izena du Arkaitz Saiz argazkilariaren (Bidasoaldea, 1978) eta Raquel Meyers artista eta ikertzailearen (Cartagena, 1977) arteko lankidetza-proiektuak.
Beren proiektuetan zenbait elementuren arteko paradoxen inguruan hausnartzen dute: egunerokoa eta urrunekoa, analogikoa eta digitala, memoria, iraganeko eta etorkizuneko paisaia emozionalak eta «arreta falta digitala».
Askotariko formatuak erabiltzen dituzten horretarako: argazkigintza, dokumentala, artxiboa, bideoa, brodatua, marrazkigintza edota zenbati teknologia zaharkitu, hala nola teletestua, idazmakina edo faxa.
Artistentzako laguntzak
Artistei laguntzak emateko programaren helburua da sorkuntza artistikoaren adierazpen guztiak sustatzea, erreferentziazko markotzat Bidasoaldea eta haren eragin-eremua hartuta eta arreta berezia jarrita mugaz gaindiko parte-hartzean. Proiektuak gai librekoak dira. Edizio honetan 17 proposamen jaso dira. Prozesuak sei hilabetean burutu behar dira, esleitzen direnetik. Bi beka ematen dira kasu honetan ere, bakoitza 6.800 €-koa.
- Proiektua: Landare-filma. Película Planta
Egileak: Eszter Katalin eta Camila Téllez
Zertan datza proiektua?: Proiektu honek Super 8ko filmen irudiak metodo organikoen bidez errebelatzeko aukerak aztertzen ditu. Itsasaldean eta Irun inguruan hazten diren algak eta landare autoktonoak jasoko dira, filmak prozesatzeko metodoko kimiko organiko eta ekologikoak esploratzeko. Landareen bidez jaso eta errebelatutako irudiek ingurunea islatuko dute eta, gainera, naturaren aztarrena ere utziko dute, bere burua egungo egoeran eta bere materialarekin berarekin zirriborratzen duen naturaren isla, alegia.
«Landare-Filma. Película-planta» egitea ekoprozesamenduaren forma feministekin konektatzea da irabazleentzat, baita metodo zahar hori nola erabil daitekeen ulertzea ere. Horrela, tokiko herritarrei zuzendutako ekorrebelatze-tailer bat proposatuko dute amaieran.
Eszter Katalin
Hungariar jatorriko artista eta zinemagilea, Viena eta Bilbo artean bizi eta lan egiten duena. Bideo eta zinemako dokumentu- eta saiakera-formatuetan oinarritzen da, eta hainbat gai jorratzen dituzte, hala nola mugimenduzko irudiaren irudikapen etikoa, Hungariako memoriaren politikak eta irudien ekoizpena ikuspegi feministatik eta lesbianatik.
Camila Tellez
Diziplinaz haraindiko artista. Bilbon bizi da 2014tik, Vienarekin lotuta 2019tik. Duela gutxi egin duen lan artistikoan, autobiografiaren bidez, bere gorputzaren oroimenaren aztarnak, generoa eta migrazioarekin eta bizipenarekin duen harremana ikertzen ditu; bizi den trantsizio-espazioekin lotuta, bere nortasun jariakorraren adierazpen desberdinak, baita publikoarekin dituen harremanak ere, lekuekiko bitartekotza-proposamenetan, praktika performatiboen, eskrituralen eta ikus-entzunezkoen artean zirkulatuz.
- Proiektua: “Agueras en el Cruce”
Egileak: Mikel Otxoteko eta Carlos Ndungmandum
Aguazilaren figura aspalditik egon da. Bere lana Euskal Herriko lan tradizionalei buruzko litografia zaharretan deskribatzen da. Gaur egun, oso ohikoak ez diren lekuetan ibiltzen da jendea, hala nola hiriarteko errepideetako bidegurutzeetan. Ohikoa da autobietako zubien edo ingurabideetako soropil antzuen azpian alfer-azaletik etekina ateratzea, industria-sektorean itxuraz eraginkorrak ez diren itsas landare horiek aire zabalean lehortzeko. Hori da, hain zuzen ere, sorkuntza artistikoko proiektu honen gaia; hala ere, emakume agueroak, profesionalak eta espazio publikoaren erabiltzaileak izango ditugu bereziki hizpide, modernitate sozialaren parametroetatik ihes egiten dutela baitirudi, baina, hala ere, haien jarduera gaurkotasun handiko sistema eta interes eta arazo ekonomiko eta ekologiko batzuen erdigunean kokatzen da.
Mikel Otxoteko
Artista eta ikertzaile donostiarrak etnografia esperimentalaren eta irudiak ekoizteko bitartekoen artean kokatutako ikerketa artistikoko proiektuak garatzen ditu. Dance & Drill edo Algunos cabos sueltos bezalako lanak egin ditu, eta proiekzio eta erakusketetan gauzatu da, besteak beste, Tolosako Musée d «Art Contemporain Les Abattoirs», Valentziako El Centre del Carme Cultura Contemporanea, Donostiako San Telmo Museoa edo Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Gaur egun, Janari hura proiektua garatzen ari da, Etxepare Institutuak eta Kaliforniako Unibertsitateak (Bakersfield) Frank Bidart Katedrarekin lagunduta.
Carlos Ndungmandum
Diseinatzaile eta artista Carlos Ngundi Comesaña, Carlos Ndungmandum, Vigon 1981ean jaiotako diseinatzaile eta artista da. Gaur egun, Hendaiatik egiten du lan, eta bertan, diseinua, eskultura, argazkia eta marrazkia hibridatzen dituen praktika garatzen du. Besteak beste, Llantera cereus euphorbia argazki-proiektuak egin ditu. Mexiko eta Benicasin artean egindako erorikoaren (2018-2020) eta Errenterian egindako Naon tokin (2022) murgiltze-ibilbidearen ondoren, bere obra Bartzelonako Miscelánea Gallery, Berlingo Neurotitan Gallery edo Mexikoko egonaldian Guadalajara 90210 bezalako lekuetan erakutsi du.



