Martxan da Irungo Udalaren 2025-28 aldirako Bizikidetza eta Segurtasunaren aldeko Plan Estrategikoa sortzeko prozedura. Hala jakinarazi dute gaur goizean Cristina Laborda Irungo alkateak eta Iñigo Berges Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako ordezkariak.
Udaleko talde politikoek 2024ko martxoan sinatu zuten Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Itunaren funtsezko neurrietako bat da, datozen urteotarako bideorri bat finkatuko du eta. Horretan oinarrituta, zenbait neurri zehatz garatuko dira, Udalaren politikaren ardatzeko bat bihurtzeko helburuarekin, errespetuzko bizikidetza baten alde eta legez kanpoko jokaeren kontra.
Gainera, hiriko erakundeen, herritarren eta eragile sozialen arteko lankidetza nabarmentzeko ere balioko du, segurtasunaren eta bizikidetzaren alorreko arazoen kausei heltzeko zeharkako politikak sortzeko helburuarekin.
Alkateak esan duenez, «Udalean ederki dakigu segurtasunak biziki arduratzen dituela irundarrak. Denbora daramagu kontu hori lantzen, eta gai horretan aurrera jarraitzea erabateko lehentasuna da: arduratzen gaituen kontua da, eta horretaz arduratzen gara. Egia da aurten hiriko delituen tasak behera egin duela, baina badakigu herritarrek zer eskatzen diguten: guztiek batera lan egitea Irungo bizikidetza eta segurtasuna hobetuko duten neurri zehatzak abian jartzeko, eta horri ekiteko moduan gaude».
«Alkatea naizenez gero, plan estrategikoa lantzea da nire lehentasuna, datozen urteotarako gure bideorria izango da eta. Horrela, oinarri batzuk ezarriko ditugu eta, herritarren eta gainerako erakundeen parte-hartzearekin, hiriko bizikidetza eta segurtasuna hobetzea lortuko dugu», esan du alkateak.
Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako ordezkariak, aldiz, planaren helburua zein den azaldu du: «errespetuzko bizikidetza bat sustatzea, prebentzioaren bidez, eskubideak eta libertateak urratzen dituzten ekintzak deuseztatuz eta herritarrek segurtasun-politiketan zuzenean parte har dezaten sustatuz. Plan honek Irungo bizikidetza eraldatzeko potentziala dauka, komunitatearen itxaropen eta beharrekin bat dator eta. Proposamenak esparru bat ezartzen du Udalaren eta herritarren arteko lankidetza eraginkorrerako, ingurune seguruago eta kohesionatuago bat sortzeko xedearekin».
Plana Ikertalde Grupo Consultor SAk idatziko du. Hasteko, zuzendaritza talde bat eratuko da, proiektua gainbegiratu eta garatzeko. Egoeraren diagnostikoa egingo da, Irungo egungo egoera identifikatuta eta aztertuta. Horretarako inkesta misto bat egingo da (telefonoz, kalean, etab.), herritarrek benetan segurtasuna nola sentitzen duten jakiteko.
Horrela, estrategia bat landuko da, segurtasuna eta bizikidetza sustatzen duten neurri eta proposamen zehatzak bilduta. Horien ezarpen maila ere neurtuko da, eta plan estrategikoaren emaitzak ebaluatuko dira. Planaren lanketak aurrera egin ahala, herritarrei horren berri emateko txostenak aterako dira aldian behin, aurrerapenak eta hautemandako emaitzak zerrendatuta.
Planaren garapenak lau hilabete eta erdi iraungo ditu. Epe horretan, taldea eratuko da, egoeraren diagnostikoa egingo da eta ekintzen fitxak osatuko dira. Hurrengo bi urteetan, planaren jarraipena eta ebaluazioa egingo dira.