Irungo Udalak jakinarazi duenez, Frantziako Tourra hiritik pasatuko dela-eta, lasterkariek uztailaren 2an eta 3an zeharkatuko dituzten kaleetako hainbat elementu kendu edo lekualdatuko dira, behin-behinean. Moldaketa horiek antolakundearen eskakizunak jarraituz egin da.
Zehazki, Udaltzaingoak, Hiria Mantentzeko Zerbitzuak eta Txingudiko Zerbitzuek, elkarlanean, lan horiek eta San Pedro eta San Martzialetarako beharrezkoak direnak koordinatu nahian, txirrindulariek uztailaren 2an eta 3an egingo duten ibilbideko 40 puntu identifikatu dituzte. Ofizialki, jaiak ostiral honetan hasiko dira, hilak 23.
Funtsean, galtzadan bidegorriak eta errepideak bereizteko ainguratutako mugarri, mutiloi eta tatxetak kenduko dira, baita abiadura murriztaileak ere, eta sakonuneak berdinduko dira. Era berean, edukiontzi multzoak lekualdatuko dira, Txingudiko Zerbitzuakek jakinaraziko duten moduan.
Arauak betetzen jarraitu beharra
Aipatutako elementuak kenduta ere, berdin-berdin bete beharko dira zirkulazio arauak. Hau da, gidariek berdin-berdin errespetatu beharko dituzte bidegorriak, bidean markarik izan gabe ere, eta ibilgailuek dagozkion abiadura mugen barruan zirkulatu beharko dute, galtzadan abiadura murriztailerik izan gabe ere.
Aipatutako elementuak behin-behinean kenduko dira, eta, behin Tourra igarota, lehenbailehen jarriko dira berriro.



