Gure Eskuk Frantziako Tourraren ikusgarritasuna baliatu nahi du mugimendu herritarra ezagutarazteko

Gure Eskuk Frantziako Tourrak Euskal Herriari emango dion ikusgarritasuna baliatu nahi du mugimendu herritarra ezagutarazteko. Mugimenduak deialdia luzatu du 7 probintziaz osatutako nazio izateaz gain, Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko  “Basques decide. Euskal Herriak erabaki!” leloaren bitartez. Horretarako, deialdi eta ekimen ugari egongo dira eskualdez eskualde.

Bidasoari dagokionez, deialdi garrantzitsuena uztailaren 3an izango da. Izan ere, egun horretan Tourra Irundik Hendaiara pasako da eta batzuk muga zeharkatuko dela irudikatu nahiko duten arren, Gure Eskuk Tourrak Euskal Herrian jarraituko duela aldarrikatuko du Santiago zubian bereziki. “Bidasoa ez da muga, zubia baizik eta bi aldeetan Euskal Herria dugu”, irakurri daiteke deialdian.

Beraz, uztailaren 3an Frantziako Tourraren ibilbide osoa ikurrinez eta aldarrikapenez bete nahi bada ere, bereziki Santiago zubiaren inguruan elkartzeko deialdia zabaldu da. Horretarako Gure Eskuk deialdi berezia antolatu du. Eguerdiko 12:00etan Santiago frontoian elkartuko dira eta kalejiran abiatuko dira Santiago zubirantz. Kale animazioan buruhandiek, erraldoiek eta Pirritxek, Porrotxek eta Marimototxek parte hartuko dute. 14:00ak aldera Santiago zubian kokatu dira eta bazkaltzeko aukera izango dute, etapa 16:00ak aldera iritsi baita bertara. Hala ere, Tourreko karabana pasako da.


Larunbatean Urdanibia plazan

Tourreko ekimena zabaltzeko Euskal Herri osotik bueltaka dabilen Furgoneta ibiltaria Irunera iritsiko da larunbatean eta goizeko 11:00etatik 13:00ak bitartean. Urdanibia plazan izango da informazioa banatzen eta materiala saltzen. Tourrera begirako Gure Eskuren ekimena ezagutu nahi duen orok bertara hurbiltzeko eta informatzeko aukera izango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude