Juan Maria Ruiz Sukilbide artista nafarrak irabazi du Adour-Bidasoa 2023 saria

Kultura arloak 2023ko Adour-Bidasoa pintura-lehiaketako irabazleak jakinarazi ditu. Erakusketa irailaren 29an irekiko da, eta orduan banatuko dira sariak. XXXII. edizio honetako irabazlea Juan María Ruiz Sukilbide artista nafarra izan da, “Hasiera txarra” lanarekin.

Aurten, 64 artelan jaso dira guztira, eta horietatik hautatutako 33rekin erakusketa egingo da urriaren 22ra arte. Epaimahaiak, bileretan eztabaidatu ondoren, artista hauek saritzea erabaki du: Lehen saria, 2.500 eurokoa, eta artelana udal-bilduman sartuko da: Juan María Sukilbide, Eraulgoa (Nafarroa), “Hasiera txarra” artelanarekin. Epaimahaiaren sari berezia, 500 eurokoa: Eduardo Larrasa Espino, Irungoa, “Contemplation (1)” artelanarekin. Artista gaztearen saria, 500 eurokoa: Sarah Grandes Bogajo, Irungoa, “Zerutik hurbilago” artelanarekin.

Finalista-diplomak

Marijose Recalde Iglesias, Eraulgoa (Nafarroa), “Adelaida” artelanarekin.

Miren Gonzalez Goikoetxea, Irungoa, “BER” artelanarekin.

Larraitz Torres Zumelaga, Irungoa, “Txingudi ikastola” artelanarekin.

Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak irabazleak zoriondu ditu, eta, nabarmendu duenez, «Adour Bidasoa lehiaketak aurrera darrai, eta horrek erakusten du konpromiso irmoa dugula artea, eta zehazki pintura, sustatzeko eta zabaltzeko. Prestigio eta ospe handiko sariketa da ekimen hau, eta guztiz errotua dago. Hiriko artezaleek presente dute hitzordu hau, eta baita kanpotarrek ere: izan ere, Irundik kanpoko artista askok parte hartzen dute, eta bisitari asko izaten da erakusketan ere urtero-urtero. Oso pozgarria da, gainera, palmaresean artista irundarrak ikustea”.

Epaimahaiko kideak honako hauek izan dira: Edorta Kortadi, Helena Elbusto, Xabier Arribas eta María José Aranzasti.

Erakusketaren ordutegia

Erakusketa Amaia Kultur Zentroan bisitatu daiteke asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Astelehenetan, berriz, itxita egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude