Zabalik dago 2023ko Adour Bidasoa pintura lehiaketara obrak aurkezteko epea

Irungo Udaleko Kultura arloak interesdun guztiei jakinarazten dien gaur, abuztuak 30, irekiko dela XXXII. Adour-Bidasoa pintura-lehiaketarako obrak aurkezteko epea. Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek beren pieza entrega dezakete, baina kontuan izan behar dute azken eguna datorren osteguna dela, irailak 7.

Lehiaketan parte har dezakete nahi duten margolari guztiak, profesionalak edo amateurrak izan, baldin eta 18 urtetik gorakoak badira. Aurkeztutako obra guztien artean, epaimahaiak sariak banatuko ditu: lehen saria eta 2.500 € irabazlearentzat, artista gazteentzako saria, 500 eurokoa, 30 urtetik beherako artista batek margotutako obrarik onenarentzat; epaimahaiaren sari berezia, 500 eurokoa hori ere; eta, azkenik, finalistentzako diplomak, epaimahaiak aipamen hori ematen dien obrentzat.

Deialdiaren oinarrien arabera, lehiakide bakoitzak obra bakar bat aurkez dezake. Obra originala izan behar da, beste lehiaka batean saritu gabea, gai eta teknika librekoa, eta aldeen neurriak 80 cm izango dira gutxienez eta 150 cm gehienez. Sinatu gabe aurkeztuko dira, eta gutunazal batez lagunduta. Bertan egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jasoko dira.  Margolan irabazlea Irungo Udalaren pintura bildumaren parte izatera pasatuko da, beste artista ospetsu askoren lanekin batera (Darío de Regoyos, Bienabe Artía, Menchu Gal, etc).

Irabazleak irailaren 29an iragarriko dira, eta egun horretan bertan irekiko da obra hautatuekin osatuko den erakusketa. Ekimenean parte hartu nahi duten guztiek lehiaketaren oinarrien inguruko informazio gehiago eskuratu dezakete herritarrentzako arreta-telefonora (010 edo 943 505 152) edota Irungo Udaleko Kultura arlora deituta (943 505 407).

Lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia esteka honetan kontsultatu daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude