BATek antolatutako maratoi erdiak eta 10 kilometroko lasterketak Bidasoara egingo dute salto

Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako Maratoi Erdiak eta 10 kilometroko lasterketak formatu berria izango dute 2024an. Lasterketek Irundik eskualderako jauzia egingo dute, izan ere, Bidasoko Maratoia eta 10k lasterketaren lehen edizioa jokatuko baita. Ibón Muñoz BATeko gerenteak eta kirol zuzendariak azaldu duenez aldaketak kirol proba sendotu eta indartzeko balio izatea espero du klubak.

BATek 2018an ekin zion Irungo maratoi erdiaren eta 10 kilometroko lasterketaren antolakuntzari. Dena den, Ibon Muñozek azaldu duenez, aurretik eskualdean aurrekariak zituzten lasterketek,  70eko eta 80ko hamarkadetan maratoi erdiak eta Bidasoko maratoi erdiak ere egin zirelako. Bidasoa Atletiko Taldea lasterketaren antolaketaz arduratzen denetik Irungo maratoi erdiaren eta 10K lasterketaren 5 edizio antolatu dira.

2024an, berriz, lasterketak formatu berria izango du. Ibon Muñozek azaldu duenez klubean aspaldi hasi ziren lasterketaren formatua aldatzeko gogoetak. “Urteak eman ditugu maratoi erdiak Irunera bi itzuli ematen zituela eta malda handiko zirkuitua zuela pentsatuz”, azaldu du BATeko gerente eta kirol zuzendariak. Korrikalariek erantzundako galdetegietan eskari nagusia ere ibilbidearen aldaketa zen. Irun eta Hondarribiko Udalekin ideia landu eta adostu ostean, proiektuak aurrera egin zuen.

Probaren data mantendu egingo da, hau da, otsaileko azken igandean. Beraz, 2024an otsailaren 25ean egingo da. Horrela, lasterketaren xarma baliatu nahi da, bertakoez gain, eskualdetik kanpoko korrikalariak ere erakartzeko eta asteburua eskualdean bertan pasa dezaten. Lasterketek irteera ordu desberdinak izango dituzte: 10k lasterketa 9:45ean irtengo da eta maratoi erdia, berriz, 10:00etan. Erbi guztiak maratoi erdiarekin joango dira ordu bat eta 20 minututik aurrera 5 minuturo eta 2 orduetara arte. “5 anoa postu egongo dira eta gure aldetik gure baliabide guztiak jarriko baititugu lasterketa ondo atera dadin”, azaldu du Ibon Muñozek. Anoa postuak 3., 7., 10., 15. eta 18. kilometroetan kokatuko dira, gutxi gorabehera.

Izen emateak azaroaren 22an ireki ziren, lasterketen aurkezpenaren egun berean. Webgunea ere lasterketaren formatu berrira egokitu da eta bertan maratoi erdiaren eta 10K lasterketaren ibilbidea ikusi ahal izango da, kilometro bakoitzeko aireko plano batekin. Mapa horretan, zerbitzu guztiak non dauden ikusi ahal izango da. Irteera eta helmuga hain gertu daudenez, lasterketaren erdigune neuralgikoa Uranzu frontoia izango da, dortsalak emateko, kontsigna zerbitzua eskaintzeko eta eguraldi txarra izatekotan azken beroketa egiteko espazio gisa erabiliko da. Ibon Muñozen hitzetan, “lasterketarako oso euskarri garrantzitsua da Uranzu frontoia, eta kokapenagatik gauzak asko erraztuko dizkigu”. Era berean, probaren amaieran giro berezia sortu nahi da Urdanibia plazan, eta, horretarako, inguruko tabernekin harremanetan jarriko dira zer egin daitekeen ikusteko.

Kategoriako ibilbidea

Lasterketaren zirkuitua probaren formatuarekin batera aldatu egin da. “Uste dugu  korrikalari berri asko erakarriko dituela lasterketaren ibilbide aldaketak”, azaldu du Ibon Muñozek. Lasterketen azken edizioek 800 edo 900 parte-hartzaile izan dituzte. “Desnibel negatiboa izango duen lasterketa izango da irteera Colón pasealekuan eta helmuga Urdanibia plazan izango duelako”, aipatu du Ibon Muñozek. Era berean lasterketa homologatuta egongo da eta Espainiako federazioaren egutegi nazionalean sartuko da; beraz, marka guztiak baliozkoak eta homologatuak izango dira.

Ibon Muñozen hitzetan “azkar korrika egin ahal izateko ibilbidea izango da eta eskualde guztia zeharkatuko duenez, gainera, polita izango da”. Lasterketak Colón pasealekutik irtengo dira, Iparralde etorbide paretik, Hondarribirako noranzkoa hartu eta Mendeluko biribilgunetik sartuko dira. 10K lasterketak Alkaineko industriagunean bira emango du eta maratoi erdiko korrikalariek aurrera jarraituko dute Mendelutik eta Amutetik igaro, Puntalera sartu, Bentako aparkalekura sartu eta Kirol kaian itzulia egiteko. Bueltako itzuli guztia errepidetik egingo da Hondarribiko Portu auzotik igaroz. Bi lasterketak Hondarribia kalean elkartuko dira berriro Colón pasealekua zeharkatu, Nafarroara hiribidea jaitsi, Urdanibia plazatik pasa, San Martzialeko igoeraren bidegurutzeraino igo eta Behobiaraino iritsita. Bueltan Dunboako bidegorrietatik pasa eta amaiera berezia izango da Erromes plaza erdialdetik zeharkatu eta korrikalariak Urdanibiako helmugara Uranzu frontoiaren kaletik iritsiko direlako. Klubeko gerenteak eta kirol zuzendariak aipatu duenez, “ibilbidea diseinatzerako orduan, proban zehar trafikoa ahalik eta gutxien oztopatzea eta bi hirietako auzorik edo gunerik ez isolatzea bilatu da”.

Horrela, lasterketak aldapa bakar bat izango du, hau da, Hondarribia kalea behin bakarrik igo beharko da. “Ibilbidea errazagoa denez eta zeinen polita den ikusita, jende gehiago animatzea espero dugu”, erantsi du BATeko ordezkariak. Izan ere, zirkuitu berberari bi itzuli eman behar izatea saihestuko da. Ibon Muñozek erantsi duenez, “marka pertsonalak egitea bilatzen duten korrikalariei ibilbideak horretarako aukera emango die”.

Boluntario mailan orain arte 400 bat bolondres behar izaten ziren, baina lasterketaren ibilbidea zabaltzeak ez du lantaldea handitzea eskatuko. “Lasterketa luzatu egingo da, lineala izango baita eta itzuli bakarrarekin”. Hala ere, koordinazio mailan lan handiagoa eskatuko duela espero da.

Sariak

Lasterketaren beste berrikuntzetako bat da sariak dirutan ere emango direla. Gainera, arautegian adierazten den bezala, sari berezi bat jarriko dugu maratoi erdian ordubete eta 5 minututik jaistea lortzen duen mutil korrikalariarentzat, eta ordubete eta 16 minututik neska korrikalariarentzat. Ibon Muñozen esanetan, “pizgarriak jarri nahi ditugu nolabaiteko ospea duten korrikalariak korrika egitera erakartzeko”.

Bidasoa Atletiko Taldeko gerenteak eta kirol zuzendariak Irungo eta Hondarribiko Udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza eskertu du, lasterketaren antolaketari eman dioten babesarengatik. Era berean, bi hirietako Udaltzaingoari eta Ertzaintzari lasterketa egin ahal izateko baimenak ematea eskertu die. Era berean, Ibon Muñozek aipatu duenez, lasterketak jada hiru babesle ditu, bi lasterketaren babesle nagusiak dira, Lomeña Fachadas eta Rhenus Logistics. “Babesleek ere lasterketaren kontzeptu aldaketa ulertu dute eta formatu berriarengatik apustu egitea erabaki dute, azaldu du Ibon Muñozek. Hirugarren babeslea, Deportes González da, lasterketaren babesle teknikoa izango dena. “Deportes González dendarekin kolaborazio akordio bat itxi dugu eta dendan kirol zapatilak erosten dituztenek dohainik eskuratuko dute lasterketaren dortsala”, adierazi du Ibon Muñozek. Horrela, Bidasoa Atletiko Taldeak urrats bat aurrera egitea erabaki du, kirol hitzordu hau eskualdeko erreferente bihur dadin.

 

“Azkar korrika egin ahal izateko ibilbidea izango da eta eskualde guztia zeharkatuko duenez, gainera, polita izango da”

Pizgarriak jarri nahi ditugu nolabaiteko ospea duten korrikalariak korrika egitera erakartzeko”

Ibon Muñoz, Bidasoa Atletiko Taldeko gerentea eta kirol zuzendaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude