2024a aldaketa estrategikoen urtea izango da Irunen

2024an eraldaketaren urtea biziko du Irunek, hiria aireratuko duena. Cristina Labordak hasi berri den urterako hiriaren lerro estrategikoak marraztu ditu 2024ko bere lehen prentsaurrekoan. Labordak 5 ardatz nagusitan bildu ditu Irun aldatuko duten berrikuntzak. Alkateak aurtengoa proiektu handien urtea izango dela aurreratu du.

Abendu amaieran hiriak 100 milioi euro inguruko aurrekontuak onetsi zituen. Kopuru hori Irunek 2024ari begira dituen asmo handien isla da. Crisitna Labordaren hitzetan, “Irun une berezia bizitzen ari da, berebiziko garrantzia duten proiektu estrategikoekin, hazteko eta garatzeko aukera emango baitute”. Zehazki, alkateak 5 ardatz nagusi izendatu ditu hiriko proiektu garrantzitsuenak biltzeko: Irun, eraldatzen ari den hiria, hiri jasangarria, pertsonen hiria,  ekitaldien hiria, eta bizitzeko, lan egiteko eta (ber)ezagutzeko hiria.

Irun, eraldatzen ari den hiria

2024an hiriaren antolamenduan aldaketa garrantzitsuak ikusiko dira. Cristina Labordaren hitzetan Vía Irun proiektua Irun Gipuzkoako gainontzeko hirietatik bereizten lagunduko duen  iraultzetako bat izango da. Aurten proiektu horren baitan sortuko diren nazioarteko geltokiak eta Pio XIIrekin lotzeko pasabidearen lehen emaitzak ikusiko dira. Era berean, Aduana Zaharreko eraikina berreskuratzeko lehen faseko lanak hasiko dira. Halaber, behin betiko onetsiko dute Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa trenaren eremuan. Abiadura handiko trenaren obrak Katea auzoaren itxura eraldatuko du, biaduktua eraitsi eta Andrearriaga pareko oinezkoentzako eta bizikletarientzako zubia eraikitzeko proiektua idatziko baita.

San Miguel-Anaka eremua ere eraldatzen hasiko da aurten Donostia kalearen urbanizazioarekin. Bestetik, Korrokoitz, Papinea eta Dunboako kanala lehengoratzeko lanen inguruan aurrerakuntzak ikusiko dira. Azkenik, Olaberriko harana babesteko plan berezia onetsi eta abiaraziko da.

Hiri jasangarria

Alkateak azaldu du Irunen eraldaketa jasangarritasun irizpideen eskutik joango dela. 2024an, Hiri mugikortasun jasangarriaren II. Plana onartuko da, Irunek bizi kalitate hobean, mugikortasun jasangarriagoan, oinezkoen eta bizikleten protagonismoan eta espazio publiko seguruago eta inklusiboagoan irabaz dezan. Plan horrekin batera, Igorpen Txikiko Zonaren Ordenantza eta IrunBus elektrikoaren flotaren % 100 iritsiko dira hirira.

“Irun une berezia bizitzen ari da, berebiziko garrantzia duten proiektu estrategikoekin, hazteko eta garatzeko aukera emango baitute”

Cristina Laborda, Irungo alkatea

Horretaz gain, garrantzi handiko hainbat obra ere amaituko dira: Anakako etxeen berrurbanizazioaren lehenengo fasea, Poxpologile kalea, Ermita karrikako lehen fasea eta Gaztainondoko igogailua, Anaka kalearen ingurua Geltoki kalearekin lotzeko.

Gainera, Belartzako lurpeko aparkalekuaren obrak ere hasiko dira, auzoko elkargune berriekin batera. Eta Artiako ubidea birnaturalizatzeak, Txingudiko Plan Bereziaren garapen osoan aurrera egiten jarraitzeko aukera emango du.

Pertsonen hiria

Irunek hiri adeitsua izaten jarraitu nahi du, desberdintasunen aberastasuna besarkatuz. Cristina Labordak aurreratu duenez, 2024an, plan estrategikoak landuko dituzte, ekintza zehatzak garatzeko eta pertsonak politiken ardatz izateko jarraibideak eta lehentasunak ezartze aldera. Irunen adinekoen zainketan jarraitzeko 2024an, “Irun adinekoekiko hiri lagunkoia” plana garatuko dute. Berdintasunak eta euskarak zeharkako ardatz izaten jarraituko dute eta V. Berdintasun Plana eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana garatuko dira. Gainera, Adikzioak prebenitzeko V. plana; Kulturartekotasunaren, Immigrazioaren eta Bizikidetzaren I. Plana edo Animalien Ongizateari buruzko ordenantza berria ere egingo dira, besteak beste. Era berean, Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Itun berri bat sinatuko da, eta Udaltzaingoaren plantilla handituko da.

“Guztiok aurki dezakegu gure lekua hiri honetan, eta ekimen berriak sortzen jarraituko dugu, gero eta hiri erakargarriagoa izan dezagun”

Cristina Laborda, Irungo alkatea

Halaber, ekipamenduak ere protagonista izango dira 2024an. CBAren bigarren fasea amaituko da. Erabilera anitzeko IAM pabiloiari dagokionez, urrats garrantzitsu bat egingo da; izan ere, alde batetik, proiektua enkargatuko da eta gainera, beste erakunde batzuetan finantzaketa bilatzen jarraituko da. Urte amaieran, halaber, Emigrazioko eraikinaz gozatuko dute San Migel auzoko heldu, haur eta bizilagunek. Eta, azkenik, Arbes auzoan adinekoentzako bizitegi multzo bat eraikitzeko lehen urratsak ikusiko ditugu.

Ekitaldien hiria

Alkateak bertako merkataritzaren eta ostalaritzaren garrantzia nabarmendu du, hiriko ekonomia suspertzen laguntzeko kanpainak egingo direla aurreratzearekin batera. “Lehen mailako ekitaldiak sortzen jarraituko dugu, Irundik nahiz beste herri batzuetatik jendea erakartzeko”, azaldu du Labordak. Zehazki, 2024. urtean, nazioarteko kirol ekitaldi garrantzitsuak izango dira Irunen, hala nola Itzulia, eta San Pedro eta San Martzial jaietako programa berritzailea, eta Dies Oiassonisek nobedade garrantzitsuak izango ditu. Gainera, aurten, Irunek emango dio hasiera Korrikari eta Labordak gaineratu duenez, lanean jarraituko dute Irun eguberrietako plan bikaina izan dadin.

Bizitzeko, lan egiteko eta (ber)ezagutzeko hiria

Labordak adierazi duenez, “guztiok aurki dezakegu gure lekua hiri honetan, eta ekimen berriak sortzen jarraituko dugu, gero eta hiri erakargarriagoa izan dezagun”. Zehazki, Irunek urteak daramatza funtsezko hiru ardatz lantzen IrunEkintzan ekimenaren bidez: berrikuntza, ezagutza eta ekintzailetza. Horregatik, 2024an, hiri barruti berritzaile bat sortzea bultzatuko dute, Vía Irun esparruaren barruan, Aduanako eraikin berrian. Gainera, hiri merkataritzaren berrikuntza polo berri bat ere sortuko da. Etxebizitzari dagokionez, mugarri bat ere markatuko da, izan ere, Alarde kalean 52 etxebizitza alokairuan emango dira lehen aldiz udal aurrekontua erabiliz. Gainera, Lucas de Berroan gazteentzako apartamentuak egiteko obrak ere hasiko dira. Turismo jasangarria hiriaren beste apustuetako bat izango da eta 2024an bi proiektu garrantzitsu izango dira:  Irugurutzetan obrak hasiko dira, eta terma erromatarrenak, berriz, amaitu.

2024a beraz, aldaketez beteriko urtea izango da.  Parte-hartzea eta gardentasuna oinarri izan nahi ditu alkateak eta, horregatik, otsailean “Alkatea auzoetan” ekimenarekin hasiko da berriz, Irungo bizilagunengana hurbiltzeko. Azkenik, Cristina Labordak nabarmendu du aurretik aipatutako proiektuetako asko errealitate egiteko, gogoaz gain, beste erakunde batzuen lankidetza beharrezkoa dela, batez ere, aspalditik egitekoen zerrendan daudenen kasuan:  Oñaurreko hirugarren anbulatorioa, bide azpiegiturak hobetzea, Plaiaundiko pistak Txenperenera lekualdatzeko finantza konpromisoa eta Urdanibiako monumentu multzoa, besteak beste. Beraz, denboraren joanak erakutsiko du zeintzuk diren asmo izatetik errealitate izatera pasatzen direnak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude